2024(e)ko otsailaren 18(a), igandea

 


Bere oroitzapenak ia betirako eten zireneko goizaldea

‘Ez dago ondo atzera begiratzea. Baina aldi berean non ibili garen eta non gauden  kokatuta erakusten digu’-esan zuen berekiko. Argi zeukan edonorentzat zer garela irudikatzen duen osoko figura, puntu bakan batzuren bidez ,une batzuren bidez, marraztuta agertzen zaigula.

Eta bizitzan  une batzuetan behar-beharrezkoa zen atzera begiratzea zer izan den nolabait antzemateko. ‘Bizitza aldapaz gora mendi igoeraren bezala izaten da batzuetan eta igoera gogortzen den lekuan begirada bat atzera botatzea ezin da ekidin ea zenbat arriskatu duen ikusteko eta zeri heldu dion igotzeko, helduleku horiek bistaren helmenetik kanpo geratu baino lehen.

Antzeko ariketan, bizitzako gertaera esanguratsuak oroimenean birpasatu behar zaizkigu, inkontzientean ezkutaturik bukatu baino lehen’- horrelako gogoetak buruan zeraman egurasten ari zenean Monterron parkean zehar.

Zapore gazi gozo egoera horietan batzuetan nolabait txotxongilo bat bezala sentitzen zen. San Joan jaietan urtero ‘Colorin y sus muñecos’(Kolorin eta bere panpinak) etortzen zeneko espektakuluan panpinaren haritik edo antzeko zerbaitetik  somatzen zuen bere gorputza zintzilik , panpina bat  bezala historiaren eskuetan. Baina egun hartan  lauza horiek buruan  joko balitu…

Ez zuen ikusiko zer gertatu zitzaion Casitas madrildarrari Eibarko Unibertsitate Laboralean. Astero kendu beharko zituzten maindireak. Gero gauean han zituzten berriak ohea egiteko.

Casitasek eguerdi hartan ez zeukan edozer hoberik egiteko eta lana aurreratzea erabaki zuen. Igo zen eskaileratik gora eta egin zuen ohea.  Gero gauean bere ohe aurrean zegoen kaskezurrari hazka egiten. Zer demontre! Ohea egin barik zeukan !

Bestalde, beheko pisuko beste ikasle bat bere buruari hazka egiten ari zen. Zer poza! Ohea eginda zegoen !Nola izan zitekeen? Lo egiten zuten egoitzak hiru  pisu zeuzkan. Denak berdinak, eta gure Casitas hirugarren pisura igo beharrean, bigarrenean gelditu zen eta nahi gabe beste ikasle baten ohea egin zuen. Alferrik aurreratu zuen lana.

Martinez Climent-ek egin zuena Eibarko Unibertsitate Laboralean ere ez zuen ikusiko. Ohe elastiko batera kalerako botekin igo zen gimnasia klase batean eta bere inguruko guztiak salto bakoitzean ‘kua,kua’, esan zuten eta horregatik ‘el pato’(‘ahatea’) deitu zioten handik aurrera .

Lugar Nuevo de San Jeronimo-n jaioa, bere hirugarren edo laugarren abizena benetan bitxia zen: Gregori. Egun batean geratu ziren batzuk goizeko bostetan esnatzeko azterketa baterako estudiatzera. Garai hartan egunero estudiatzea ez zegoen ondo ikusita. Baten batek esan zuen bezala: ‘Orain ordu asko estudiatzen baduzu, zenbat orduko eguna beharko duzu Unibertsitatean aprobatzeko?’

Aholku oso komenigarria denontzat kontzientzia isiltzeko. Goizeko bostetan goiz esnatu nahi  zuten guztiei eskuekin banan-banan jotzen ibili zen Martinez Climent esnatzeko. Itxura arraroa zeukan, egia esan, robot bat zirudien. Gero gosaltzeko orduan han etorri zen bera garrasika. ‘Baina, nola, nola  ez didazue esnatu estudiatzeko?’-esan zien. Eta denok zeharo harrituta batera erantzun zioten: ’Baina zu izan zara gu esnatu gaituzuna’. Gero bera hasi zen esaten: ‘Egia esaten badut, egun batean oheratu nintzen pijamarekin eta esnatu nintzen kalerako arroparekin jantzita’.

Ez zuen ere entzungo ze zorrotza zen Arrasateko Urdangarinen aita semeekin. Alaba bat eta bi mutilen heziketa ez zen lana erraza izango. Tailer bat zeukan Kondekuaren zubien inguruan.

Baina hala ere metodo batzuk muturrekoak izan litezke. Suspentso bat ateratzen zuenean seme nagusiak , aitak bidaltzen  zion motoz Kanpanzarreraino, hantxe ostatuko nagusiari aitak emandako paper bat sina zezan. 

Handik urte batzuetara ez zegoen sinatzerik, ze hango jabe, Iñaki Etxabe, hil zuten gau madarikatu batean. Hiru hiltzaile ziren, eta oraindik ezezagunak. Bere kulpa bakarra, Frantzian bi anaiak errefuxiatuak edukitzea.

Ostatua bere odolarekin blaitu zuten gupidarik gabe. Arrasate osoa joaten zen Maala kaletik aurrera bere hilkutxaren atzetik, berunezko gau ilun hartan. Bakarrik entzuten ziren multzo ilun bateko hanka hotsak. Etsipenez jositako segizioa. Begitarte ilunak eta atsekabetuak. Baina egun hartan  lauza horiek buruan  joko balitu…

Ez zuen ikusiko edozein aitzakiaz boterea ezusteko tokitan gaizki erabilia izaten zela. Jose Ramon Landa, lagunentzako ‘Txintxeto’, pozik zegoen egun hartan. Kooperatiban sartzeko  bakarrik faltatzen zaio azken proba, hau da, medikuaren azterketa. Han zegoen Arrasateko Zentro Asistentzialean  besteekin bere buruari galdetzen ea ze arropa kendu behar zukeen azterketarako.

Bat-batean agertu zitzaion bere aurrean Kooperatibetako pertsonalen arduraduna, I.A.Z., eta esan zion: ‘zu zoaz etxera, ez duzu azterketarik egingo’. Eta han joan zen buru makur, zer gertatu zitzaion asimilatzen saiatzen . Udaletxeari, ordea, ez zitzaion inporta Jose Ramon Landa Euskadiko Mugimendu Komunistaren partaidea izatea. Bere lan egunak agoazila bezala ibili zen.

I.A.Z. lasai eta ausikirik gabe joango zen hurrengo egunean bizikletaz Gurea zine aretora. Lantokian pertsonal kontuaz baino ze pelikula Gurea zinera ekarri zuenaz hitz egingo gehiago, baina ‘vade retro komunistak” lelo zaharkitu batean sinesten sentitzen zen lasai.

Ezkertiar askoko Lovainako Unibertsitatean denboraldi batez estudiatu zuen gure Jose Ramon Landak. Horrela Arrasateko herriak lehengo eta ziur aski azken aldiz izan zuen Lovainan estudiatu zuen agoazilak. Zer gauza bitxia!

Ez zuen ere ikusiko Gurea zine aretotik ihes egiterakoan bere aurpegiaren aurrean Guardia zibil haren eskuineko botaren zola pasatzen. Errobi taldearen kontzertu bat entzutera joan zen. Lasai -lasai  eseri zen hirugarren edo laugarren ilaran. Abeslariak oraindik atze-oihalaren  atzean zeuden. Han zebiltzan gitarrak eta ahotsak afinatzen.

Supituan Guardia  Zibilak agertu ziren areto barruan ke-potoekin garrasika: ‘Hustu ezazue aretoa’. Ziztu bizian atera ziren eta atean bat zebilen hankarekin ostikoak ematen ateratzen zirenei. Beretzako zela motza geratu zitzaion eta ostikotzaileak kale eginez galdu zuen oreka. Handik atera zen ostikorik gabe, txiripaz. Hurrengo egunean ikusi zuten ze egoera negargarrian geratu zen Gurea zine aretoa. Eserleku gehienak erreta zeuden ke-potoen ondorioz.

Ez  zen egongo Portaloian  gau hartan.  Kontzentrazio politiko bat zegoen, eta han erdian Jose Manuel Arriola agoazila , Debatarra, zegoen . Gerra zauri bategatik pauso bat ematerakoan hanka bat atzean gelditzen zitzaion.(1)Horregatik jarri zioten ‘Dongi’ ez izenez.

Pausu irregularren zaratak imitatzeko, hau da, berean ‘ttipi-ttapa’-ren ordez, ‘Don-Gi’ zen ,ez izenez jarri zien arabera. Bertsolaria zen eta gazteleraz oso gutxi zekien. Gau hartan trafikoari lekua egiteko zer esaten ari zen gazteleraz apuntatzekoa mereziko zuen. Tamalez ez apuntatzeagatik betirako ahaztuta geratu zen.  

Bost ogerleko hitzak erabiliz zerbait zentzu bitxikoa ari zen esaten. Stendhal-ek idazteko Kode Zibila irakurtzen omen zuen aurretik, gure Jose Manuel Estatuaren Boletin Ofizialarekin ikasiko omen zuen gazteleraz zekien gutxia.

Tupustean ezkerraldetik  jeep bat goiko bozina zaratatsuarekin jendearen kontra jo zuen, eta beste jeep batek eskuinaldetik  gauza bera egin zuen. Batzuk erdiko kaletik gora eta besteak Maalatik behera joan ziren. Bera ez zen azkena, baina hala ere, korrika hasten zenean ez zuen Jose Manuel Arriolaren batere arrastorik ikusi. Herrian jendeak esaten zuen teniente berria zegoen kuartelean meritu bila zebilela. Baina egun hartan  lauza horiek buruan  joko balitu…

Ez zen ere hurrengoa gertatuko. Bere lagunekin, Iñaki Berezibar ( ‘Bere txiki’) eta Iñaki Garitanorekin, Ferrerias kaleko ‘La Cepa’ tabernan zegoen. Tabernan beraiek eta beste bi pertsona zeuden bakarrik. Irteterakoan  entzun zion bi pertsonen horien batek besteari esaten: ‘Munduan ‘muitos porcus`’ baina ‘os bascos todos’’.

Jasan ezinean esan zion: ‘Nahi duzuna izango gara, baina inolaz ere, tontoak’. Eta atera ziren tabernatik. Beren atzetik zetozen biak . ‘Itxaron, itxaron’ esaten zuen iraintzaileak. Bi pertsona horiek berrogei urte ingurukoak ziren eta hirukotea apenas  hamazortzikoak. Esan zien lagunei : ‘Biona tabernara sartuko gara’.

Barraraino heldu eta orduan sartu zen bikotea atzetik. Iraintzaileak bizkarrean ukitu zion berari esanez : Zer esan duzu? Eta berak ahotsa altxatuz taberna osoa entzuteko moduz esan zion:’ Baina zuk ez duzu esan euskaldun guztiak txerriak garela?’

Ez zekien nola, agian barratik salto eginez, ziztu bizian Antxon Mendizabal bere ondoan zegoen. Beste barrako zerbitzaria han atera zen ere bai. Eta bezero bat ere haien ondoan jarri zen. Hiruren artean inguratuta zeukaten iraintzailea.

Bere lagunak esan zion iraintzaileari:’ Aitortu behar duzu neurria gainditu duzula pixka bat’. Azkenean erronda pagatu nahian zebilen. Hurrengo astean Iñaki Garitanok ikusi zuen iraintzailea begi ubeldu batekin. Antza denez, lortu zuen bere haserrea beste batekin partekatzea. 

Ez zuen herriko plazan ikusi zuena ikusiko. San Joan jaietan han zegoen gertu bere aurrean Iñaki Perurena gaztea bere aita laguntzaile moduan harriak jasotzen. Larruz bilduta antzinako gudaria ematen zuen. Zirrara sortzen zion hain gertu bera ikusteak. Bere kirol bizitza oparoa hasten aritzen zen Perurena handia.   

Plaza berean ez zuen ere ikusiko beste egun batean  Francisco Letamendia, ‘Ortzi’. Han aurrean bere bizar beltzarekin jendeari azalpenak ematen zizkion. 1968ko Maiatzaren espiritua barneratua zuen eta ‘Kapitala’-ren hiru liburukiak  irakurtzeko pazientzia izan zuen batentzat ‘Ortzi’ Karl Marx gaztearen antza zirraragarria zuen gau hartan.

Konstituzio erreferendumaren garaia zen eta horren kontra aritzen zen. Esaten zuen ejerzitoa zela Konstituzio horren azken bermatzaile, eta horrek ez zuela zentzu handirik. Horrela zihoen bere argudioak :Franco boterean mantendu zuen ejerzitoak nola berma zezakeen demokrazia? Baina egun hartan  lauza horiek buruan  joko balitu…

Bilbo kalean zehar greba orokorraren egun hartan ez zen ibiliko. Bi ikasle kideak, Aretxabaletar bat eta Zarimuztar bat, berarekin zihoazen . Hirurak  kalez kale zenbiltzan. Ez zekien nola, Iralako Frantziskotarraren  Elizako azpialdean sartu ziren hirurak. Egurrezko zorua eta eserleku solte batzuk ziren han. Hiru eserleku hartu eta eseri ziren.

Asanblada baten erdian zen hango jendea. Egunero gaia zen nola antolatu piketeak, zabalik zeuden dendak ixteko. Itsumustuan atetik garrasi bat botatzen salto batean sartu zen Polizia Nazional bat bere kaskoa eta ezkutuarekin. ‘Ahhhh!’ Estanpidak bakarrik pelikularen zaldiarenak eta bisontearenak ezagutzen zuen orduraino. Baina han gertatutakoa antzerako zerbait izango zen.

Une bere-berean han zeudenek salto egin zuten egurrezko zoroaren kontra. ‘Brau!’  Zarata benetan sorgarria. Zoro moduan, ziztu bizian, korrika batean, igo ziren batzuk eskaileratik gora eta han ate ondoan geratu ziren arnasa eusten. Baina handik gutxira kanpoko ahots laztu batek esan zuen:’ Lurrera bota atea!’ Eta atearen kontra izugarrizko danbada bat entzun zen.’Danda’.

Beste korrika zoro bat  beheraino. Harrituta ikusi zuten jadanik ez zegoela inor irteera nagusian, hango istiluak bukatu ziren-eta. Handik kalera joan ziren. Gero Polizia Armadakoak Logroñotik etorritakoak zirela entzun zuten.

Ez zuen ere entzungo Felipe Gonzalezen ahotsa Sarriko Unibertsitatean. Trantsizio garaian nolabaiteko abantaila eman zioten Partidu Sozialistari. Mahuka zabalagoa izaten zuten bere mitinak ez oztopatzeko.

Han sartu zen bera bakarrik eta sarrerako salan geratu behar izan zuen, mukuruz beteta zegoelako Sarriko Unibertsitatea. Han egunero lau katu besterik ez ziren baina egun hartan ez zegoen orratz baterako lekurik. ‘Beno! Ez nuen behar Felipe ikusi, entzutearekin nahikoa izango dut!’-pentsatu zuen. Feliperen aurrean talde bat zegoen garrasika: ¡Felipe oportunista, social-imperialista!(Felipe oportunista, sozial-inperialista!) Behin eta berriro garrasi hori esaten.

Handik gutxira Felipe Gonzalezen ahotsa entzun zuen esaten: ‘Es incomprensible que unos que luchan contra la dictadura’(Ulertezina da diktaduraren aurka borrokatzen duten batzuk) Hori zen esan zuen dena, ze beste aldekoak ‘Eusko Gudariak’ hasi ziren abesten. Ordenako zerbitzuak han zebiltzan urduri zer egin ez zekitela. Azkenean  horretan geratu zen dena.

Egun hartan Boy Scout taldearekin zihoan mendian gora, Udalaitzen magaletik gora. Jazintxo Bergara handiak, taldeko buruak,  seinalatu zuen leku baterantz, non urruntasunean zegoen erbi bat saltoka berdegunean. Aurrean, oso gertu zihoan pare bat mendizale. Eguna argia zen eta igoera neketsua eta ibilbide gero eta aldapatsuagoa.

Pendiza malkartsu bihurtu zen tokian sartu ziren. Han harritzaren itsaso batek gogoratzen zuen bere antzinako glaziarraren ezaugarria. Bat-batean zerbait bere gainean zetorrela nabaritu zuen, eta gorputza alde batera automatikoki bihurtu zuen. Bere burutik zentimetro gutxira pasatu zen harkaitz zati handitxo bat. Gora begiratu zuen eta goiko bikoteari garrasi bat bota zion.

Hala ere, handik gutxira bigarren harkaitz zatia pasatu zen bere buruaren ondoan. Orduan bazeukan arreta handia jarrita eta aise alboratu zen harritzarra ez jotzeko. Goiko bikoteak zer eragin zuten ikusirik eta beste hirugarren harkaitz zatiren bat ez botatzeko beste bidetik abiatu ziren. Baina bera orduan konturatu zen hantxe bertan bere bizitza txiripaz ez zuela galdu.

Egun hartan buka zezakeen bere testigantza guztia. Ez zuen ikusi zituen gertakariak ikusiko. Bere garaiko testiguren zerrenda ezabatua izango zen. Harritzarren brastada xumegatik bere bizitzaren haria apurtzeko zorian egon zen. Nahiz eta une hartan ez zen horretaz zeharo kontziente.

Baina gero, Monterron parketik zehar paseatzen aritzen zen egunean, bere oroitzapenak bueltaka zebiltzan buruan. Ezbehar batek ezaba ditzake bizitza batzuk, baina gizakiek asmatutako ezbehar izugarriaren bidez, gerraren bidez, hilen kopurua hekatonbea bihurtzen zen. Hilotzak pilatzen ziren edonon.

Ustekabean gerrari buruzko ideia batek argitu zuen  bere burmuina . Ez zuen inoiz ondo ulertu nola gizakiak gerraren  ondorioetatik bereizten zituen helduak eta umeak. Modu gordinean esanda, ematen zuen ume gaixoak esaten zuten bitartean  gogor gaztigatzen ziotela helduei gupidarik gabe. Orduan aurkitu zuen horren erantzuna.

Ez bakarrik bizitza, zerbait gehiago lapurtzen zioten umeei.  Bizi zuten testigantza emateko aukera ezeztatzen zioten. Bizi eta ikusi zuten prozesuan hasten direnean, gerora besteei bizi izandakoa transmititzeko aukera izan baino lehen hiltzen zioten. ’Gerra hasten diren kabroi guztiak, zuzentasun gabeko izakiak,  ordu txikiko orduetan gerran hildako umeen oroitzapen betiko galduak estira biezaiete!’-esan zuen haserre berekiko.

Parketik ateratzen zenean pentsamendu  baikorrago batek lasaitu zion nolabait:’ eskerrak oroitzapenak dira “euliak bezala, bat hila, ta  entierrura beste mila (etortzen dira)”

+++

Eskerrak nire lehengusu txikiari , Marga Zubia Lezetari, Antxon Mendizabal ’Tonino’ren izena niri emateagatik.

Antxonekin bi edo hiru aldiz gurutzatu nintzen, baina ez nuen inoiz ere  ezagutu bere lan teorikoak edo EHUren irakaslea izan zinela. Tamalez, gehiago ezagutzen  diegu urrunean bizitzen duten batzuei , gertu bizitzen direnei baino.

Eskerrak nire anaiari, Jabierri, bere garaian Jose Ramon Landari gertatutakoa kontatzeagatik eta orain bere izen osoa gogoratzeagatik.

(1)

Dongi izenari buruzko azalpena Juan Jose Garmendia Zubiak eman zidan. Nire osaba Bixentiko Uribe-echebarriak ere ezizen hori jarri ziola esan zidan. Baina ‘Don’ eta ‘Gi’ 'tap' soinutik urrunegi daudela kontuan hartuta, izen horren jatorria 'Dongixoi' (Donge hori) izan liteke, José Mari Velez de Mendizábalek dioen bezala. Behin ezizena ezagututa herriko ume txantxazale guztiek hanka arrastaka eramanez errepika zezaketen izen hori.

4 iruzkin:

  1. Josemari Velez de Mendizabal:
    Benetan interesgarria iruditzen zait hartu berri duzun bidea. Zure oroitzapenei aukera ematea guztiz egokia dela uste dut eta zure barnea ez ezik gainerakook ere zure idatziekin gozatzeko aukera dugu. Bejondeizula, beraz.
    Jose Ramon Landa ezagutzeko arrazoi bitxiak izan nituen.
    Bestalde Dongi izenordearen jatorria ez da zuk diozuna

    ErantzunEzabatu
  2. Juan Fernandez-Nespral:
    Oso baliotsua den zerbait egiten duzula iruditzen zait istorio hauek gal ez daitezen. Agian horretara aritu beharko nuke Gijonen. Jada lehen lerroan dagoen belaunaldia garela gauza txarra da.

    ErantzunEzabatu
  3. Marga Garcia Enguix:
    Pasadizoak onak dira, baina istorioa konexiorik gabe geratzen da, istorioari barne lotura apur bat falta zaio, nor ari den kontatzen jakitea, ze garaian, hainbeste jauzirekin pixka bat galtzen zara eta haria galtzen duzu. Izan liteke lehendik dakiena zer eta nori buruz hitz eginda dagoenerako idatzita. Beste pertsonentzat, apur bat zaila da jarraitzea

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Trantsizioa, Estatu honen gertatu ez den garai politikoa bezala jotzen da, beraz, erraz jarraitzea ez da posible. Eibarko Unibertsitate Laboralaren gertakariak 1972-1973 urtekoak dira, Mondragon eta Bilbon gertatutakoak 1975,1976 urtekoak dira. Konstituzioari buruzko erreferenduma, lehen hauteskunde demokratikoen aurreko garai nahasia, lasterketa erotu eta itsuak, 'tiroak airera' eta 'Hermano Lobo' aldizkariarekin bizi izan ginen garaia da. Gaur egun ere, bizi izan dugunok gogoratu beharko genuke garai hori ahaztu baino lehen. Ariketa hori gertakariak bakarrik erabiliz egiten saiatu naiz. Gertakariak soilik lotze horrek deskonexioaren irudipena eman dezake, baina errealitate hutsa edozein fikzio baino indartsuagoa da , eta balioan jarri egin behar da. Demokrazia beti da konkista.Gaur egun ere ulertu ezinean ikusten ditugu Trump eta bere buru gabeko lagunak planetako demokrazia handiena suntsitzen saiatzen direla.

      Ezabatu