Orain eta hemen….bai zera!
Irakurri berri zuen liburu batean ‘hic et nunc’ esaldia eta horren haritik bere pentsamenduak hasi ziren zamalkatzen.’ Orain eta hemen, ba al dago gezur handiagorik?’-pentsatu zuen berekiko. Momentu horretan zegoen tokian 180 graduko buelta eman zuen eta 'hemen' hori beste zerbait bilakatu zen. Batbederak zeukan bere ’hemen’. Zein benetakoa?
‘Zenbat irauten du gure ‘orainak’ iraganean murgildu baino lehen? Begi-kliska
bat? Hi tontolo, ez hasi orain sasifilosofo baten papera hartzen. Hegel eta
Agustin Hiponakoa horretaz asko eta luze hitz egin zuten eta. Zuk bakarrik dizu
gogoetaren errosario xume bat buruan’-murmurikatu zuen berekiko haserre samar.
Haurtzaro eta nerabezaroan zehar Ipar Amerikatik jasotako berri batzuk buruan ate joka zeuzkan. Sei urte zeuzkanean San Viator klerikoek ‘la Vergaresa’-ri alokatu ziotelako autobus batean Zumaia aldera joan zen antolatutako txango batean.
Barku bateren bozina sarkin ikaragarri zaratatsua portura sartzen zenean entzun zuela eta Zumarragako tren geltokiaren ondoan itxaronaldi luzea egin behar zuela ziren bere gogorapenak. Antza denez matxura bat zeukan autobusa eta konpondu arte hantxe denbora luzea geratzera behartuta izan ziren.
Baina deigarria
zen egun hartako beste hirugarren gogoeta. Autobusa pasatzerakoan bide
erdiko taberna batean arbela bat kanpoan
zeukala ikusi zuen. Han idatzita zegoen hurrengoa: ‘Han asesinado a
Kennedy’(‘Kennedy hil dute’).
Uztaileko 20.an joaten ari zen Zarugalde kaletik aurrera. Uda min erdi-erdiko eguzkiak gogor jotzen zuen. Uribarrenen etxe aldera joaten ari zen. Muxibar tabernaren albotik pasa eta ezkerrera jo zuen Udalaren bideko aldapa igotzeko.
Han bidea eskuinera bihurtzen zen toki berberean zegoen etxea. Etxabean zuen sala bat eta aurre aldean zeukaten etxe osoko telebista. Hantxe bertan ziren etxeko denak telebista ikusten. ‘Zelako geldotasunez mugitzen dira’ entzuten zen kanpotik Elias Uribarrenek esaten. Egun hartan Neil Amstrongek lehen pausoak eman zituen Ilargian.
Baina berarentzat bakarrik bere lagunek, Elias Uribarrenek eta besteek, kanpoan jolastu ez zuen nahi eguna zen. Larragain belardian ez zuten egun hartan futbolean jolastuko. Ez zuen ere baserritarrarengandik ihes egiteko aukerarik edukiko partida erdian belardian garrasika agertzerakoan, ohi egin zuen bezala.
Bueltatu zen etxera triste Zarugalde kale erdi-erditik. Bero
harekin odola punpaka buruan sentitzen zuen. Baina zerbait faltan somatzen
zuen…
Bere aldameneko osaba Juan Bautistak jasotzen zuen aldizka ‘Selecciones del Reader’s Digest’ (‘Reader’s Digest-en aukeraketak’)liburuxkak. Eta horietatik liburuxka asko pasatzen zizkien bere aldameneko bizilagunei.
Han islatzen zen mundu berri bat, Ipar Amerikako mundua. Liburuen eta filmen laburpenak, txisteak, sukaldeko errezetak, aholkuak eta iragarkiak agertzen ziren. Une honetan bazekien hori Ipar Amerikako erdi-mailako burgesiari zela zuzendua, motz eta modu trakatsean esanda ‘Westinghouse’-ko klasera. Klase horietakoak horrela bazuten party batean zertaz hitz egiteko , beste partaideek tontotzat jo ez zitzaten.
Baina garai hartan
beretzat mundu ezezagun batek zabaltzen zuen bere aurrean, luxuzko eta
jakintasunez beteta. Nahiz eta filmen eta
liburuen laburpen horiek argi erakutsi behar zukeen jende mota horrek ez
zuela liburuak irakurtzeko edo filma ikusteko denbora haina. Bakarrik azalezko
kultura zen. Baina orduko harridurak ez zion kritikari batere lekurik uzten.
Kritikaren ahalmena oso ahul zeukan oraindik.
Bere nerabetasunean Newsweek eta Time irakurtzen hasi zen. Ronald Reagan hautatu zuten Ipar Amerikako presidente. Nahiz eta une honetan heroitzat modura jotzen zuten, Ipar Amerikarrak ez ziren iritzi berekoa garaia hartan. Ezaguna zen bere aurrean zeuden kazetariak ‘son of a bitches’ (‘putakumeak’) deitu ziela, mikrofonoa itxita zegoelako pentsatzen, hutsegitez.
Bere jakin eskastasuna adierazteko bere kolaboratzaile batek kontatzen zuen Newsweek-en pasadizo bat. ‘Presidente Jauna, hau da errusiarren arma sekreturen aurkitu dugun azkena. The A359’-esan zion kolaboratzaileak Reagani. ‘Eta beste antzeko hau?’-esan zion Reaganek kolaboratzaileari beste argazki bat seinalatuz . ‘Hau da A354, A359-ren beste bertsio baina aurreratuagoa eta berriagoa ’- erantzun zion kolaboratzaileak.
’Aha!, Errusiarrek iruzur egiten digu, nahita zenbakiak
gaizki jartzen!’ -esan zuen Reaganek, pozik etsaien maltzurkeria salatzeko
aukera aprobetxatzen. Eta kolaboratzailek lasai, seriotasuna zailtasunez
mantenduz, erantzun zion:’ Ez, Presidente Jauna, zenbakiak guk geuk jartzen diogu arma sekretuari aurkitzen ditugun
hurrenkeraren arabera’.
Kontsiderazio gutxi hori
dela eta, Israeldarrak Washington-era bisitaldi batean Defentsa Idazkariengana
joaten ziren zuzenean, Reagan Presidentearen gainetik pasata. Orduan Israeldarrek
bazuten beren argudioa, beraientzat eztabaidaezina:
Ipar Amerikako muga Israelen zegoen, orduan muga horren defentsa Ipar Amerikako
lana zen. Gaurdaino iraun duen argudio izugarria . Baina zerbait faltan
somatzen zuen…
Paul Etcheverry zen beraientzat ekarritako ingeles irakaslea, Eusko Jaurlaritzak egindako Nazioarteko Merkatalgoari buruzko ikastaro hartan. Bera euskal jatorrizko ipar amerikarra zen. Amerika aldera bidaia horretan abizen bat baino gehiago aldatua izan zen. Haien artean berea. Bere jatorrizko abizena Etchebers(Etxebeste) zen, baina nola edo hala Etcheberry izaten bukatu zen.
Berak kontatu zion txiste ipar amerikar bat. ‘Zer da tanke bat, gasolinarik gabe geratzen denean eta kanoiak funtzionatzeari uzten dio? Ba, 70 tonako irrati eramangarri bat’. Paul Laxalten istorio bat ere partekatu zuen. Paul Laxalt abokatua zen, Reaganen lagun hurkoa eta bere aita artzain euskalduna zen. Ipar Amerikako abokatuak , Trumpen abokatu batzuk azaldu arte behintzat, jende serio eta hitz-jariodunak izaten ziren.
Behin egon ziren abokatu famatu batzuk afari batean eta han zegoen Paul Laxalt erdian azalpenak ematen artzainen bizitzari buruz. Han adierazten zien nola txistu mota desberdinak erabiliak izaten ziren txakurrari aginduak emateko, artaldea zuzen eraman zezan. Whisky botilatxo asko edan eta gero han zebiltzan abokatu guztiak lurrean eserita esku batekin mahaia heltzen eta txistu-hots kontzertu polifonikoa ematen beren artaldeko txakur imajinarioei aginduak emateko.
Paul
Etcheverry bazen ere bihotz samurrekoa. Kennedyri buruz hasten bazitzaion hitz
egiten ezkutuko negar malko batzuk dirdiratzen zituen bere begietan segituan,
1984 urte hartan.
Baina batzuetan bi toki horiek desberdinak , berea eta Ipar Amerikakoa, baten batzuk nahasten zituzten. Han zegoen bera Bilboko Terradas unibertsitate egoitzan egunkariak gainbegiratzen. Ez zegoen gauza handirik ikusteko, ABC egunkaria eta antzeko besteren bat.
ABC-
ko xakeren buruhaustearen ondoan ikusi zuen lerroburu bat: ‘El problema de la
obesidad en EEUU’( ‘Estatu Batuetako gizentasun arazoa’). Eta artikuluen
argazkia zen hurrengoa: bi mutil sendo auto baten ondoan, agian Citröen bi
zaldiko bat, pankarta handi batekin
zeharo zabalduta eta tente. Pankartak horrela zioen: ‘Orio y la Real a Montreal’(‘Orio
eta erreala Montrealera’).Ez zebiltzan oso fin ABC-koak. Ez zen ausartuko beste
artikuluetan finagoak ibili zirelarik esatera. Bi oriotarrak Ipar Amerikartzat
hartu zituzten. Montrealgo Olinpiadak aurreko urtean,1976 urtean, izan ziren.
Faltan somatzen zuena ‘Bonanza’ ikustea ere ez zen. Ferrerias kaleko etxe batean, bere etxekoaren aurrekoan, gizon bat egoten zen balkoian bere hanka bateko psoriasia larria agerian nolabait eguzkitan sendatu nahian. Lehen pisuko balkoian ohi zegoen eta denda bateko jabea zen. Sozialista izan zen eta politikagatik kartzelan egonda ere.
Kartzela bertan gaiztotu zitzaion hanka. Bere bazar antzeko dendan neskek eta mutilek puxtarriak erosten zituzten jolasteko, Arrasateko botxuez betetako herri hartan. ‘Txaparro’ goitizena zeukan jabeak eta bere denda horrela ezaguna zen, ‘Txaparronea’. Garai hartan kainozuloak ziren etsai nagusiak, puxtarriak ahoratzeko beti prest zeudelako.
Mastekatutako txikle zati bat itsatsi makil baten muturrean armatuz kainozulotik puxtarria ateratzeko neska eta mutilen taldeak maniobrak egiten ordu asko eman zuten. 1963 urte inguruan dendaren atzealdean zeukan sala handi bat ,aulki pila bat eta aurrean telebista bat. Hara joaten ziren auzoko neska eta mutil guztiak ‘Bonanza’ ikustera. Ziur aski auzoko telebista bakarra izango zen.
Aulki bat
hartzen zuen eta esertzen zen programa hasieratik ikusteko. ‘La Ponderosa’ mapa
osoa erre arte sua erditik alboetara zabaltzen zen. Pan, para pan, para pan,
parapanpa!
Barrurago begiratu behar zuen faltan somatzen zuena aurkitzeko. Orduan konturatu zen zenbat aldiz zamalkatu zen mentalki urdinez jantzita Western batean. Urte eta urte eman zuen San Viatorreko klerikoen zine hartan, non zarata eta hurbileko pantaila xurgatu baitzidan bere arreta osoa, Western-go epopeia behin eta berriro ikusten.
Indioak eta bakeroak , gaiztoak eta onak. Semeez zamaturiko Jainkoaren beldur zeukaten laborarien karabanak , eta beste aldean lumadunak, indioak, adats motzaileak, beti prest karabanei erasotzeko eta whiskiarekin mozkortzeko. Eta haien artean zeuden zaindariak, uniforme urdineko soldaduak, Zalditeriako Zazpigarrena, bere tronpeta hotsez, azken uneetan bizirik eta salbu onak ahal den gehienak ateratzeko.
Zelako burrunba hura, ikusleen hankekin sortutakoa, soldaduen zamalkatze larri hartan laguntzeko entzuten zen zinean. Beste alditan, azken zoko ezkutu batean bizi zen familia xume bat lurra lantzen. Eta egun madarikatu batean indio andana zaldiz hil zituzten familia horren gehienak eta etxeari sua eman zioten suzko geziez. Eta bera hantxe zinean eserita gorrotoa sentitzen zuen indioen kontra eta familia horren parte izango balitz bezala pena handia sentitzen zuen.
Han zebilen urdinezko soldaduei mentalki laguntzen eta bera ere urdinez jantzita zamalkatzen indio gaixto guztiekin akabatzeko. Gero jakingo zuen hori bere jabeei lurra musu truk kentzearen prozesua zela. Indioak ziren legezko jabeak eta beste aldekoak inbaditzaileak. Eta pelikuletan agertzen ziren gotorlekuak espoliazio prozesu hori ziurtatzeko ziren, ez kultura, ezta ere bizitza sozialaren defentsan. Nahiz eta bera bereganatzen zuelako epopeia hori leku oso urrunean gertatua izan, bera orduan zeharo murgilduta sentitu zen Estatu Batuetan.
Arrotza eta
urrutikoa izanik, auzokoa bezala sentitu zen bere argizarizko adimen moldagarrian,
kritikaren lanabesak oraindik eraturik gabe. Txikle mastekatzen, erregalizak eta
karameluak jaten zituen bitartean modu goxoan bere Mendebaldeko Zibilizazio boteretsuen
alderako lerrokatze prozesua hasi zen.
Tormantosko lagun batek esan zion:’ begira, Erromatarrak Logroñoraino iritsi ziren’. Baina, nola esan lagunei Inperioaren agintaldia ez dela horrela izaten? Ez zen Erromako biztanleak Logroñoraino bizitzera joaten zirelako, baizik eta Logroñoko buruzagitzek Erromako lege eta bizimodura hartuz eta onartuz eratzen zuten prozesua.
Horretarako behartuta sentitu beharko ziren une konkretu batean, baina hori beste gauza zen. Bere buruari hazka egin zion, eta pentsatu zuen: ’Tabakoren ekoizle handiak ez zuten Reaganen kanpaina finantziatu nahi, eta hortik dator gure munduko tabakoaren satanizazioa. Ildo horretatik, zer ondorioa ekarriko liguke Trumpi eta bere buru gabeko jarraitzaileei uzten baliete demokraziarekin bukatzea?’
Kalera irten baino lehen beste azken-aurreko pentsamendua
izan zuen:’ Berrehun urte barru historiagileek
esango dute Arrasate Ipar Amerikaren Inperio barruan zegoela, baina, argi gera
dadila ipar amerikarrak ez garela!’ Kalean arnasa sakon hartu eta gero irri bat
agertu zen bere aurpegian: ’Pentsa, zer ondorioak aterako lituzkete
antropologoek laurehun urte barru nire osabaren ‘Reader Digest’-en aukeraketak’-en
arrastoren bat aurkituko balute!’.