2024(e)ko martxoaren 24(a), igandea

 


Orain eta hemen….bai zera!

Irakurri berri zuen liburu batean ‘hic et nunc’ esaldia eta horren haritik bere pentsamenduak hasi ziren zamalkatzen.’ Orain eta hemen, ba al dago gezur handiagorik?’-pentsatu zuen berekiko. Momentu horretan zegoen tokian 180 graduko buelta eman zuen eta 'hemen' hori beste zerbait bilakatu zen. Batbederak zeukan bere ’hemen’. Zein benetakoa? 

‘Zenbat irauten du gure ‘orainak’ iraganean murgildu baino lehen? Begi-kliska bat? Hi tontolo, ez hasi orain sasifilosofo baten papera hartzen. Hegel eta Agustin Hiponakoa horretaz asko eta luze hitz egin zuten eta. Zuk bakarrik dizu gogoetaren errosario xume bat buruan’-murmurikatu zuen berekiko haserre samar.

Haurtzaro eta nerabezaroan zehar Ipar Amerikatik jasotako berri batzuk buruan ate joka zeuzkan. Sei urte zeuzkanean San Viator klerikoek ‘la Vergaresa’-ri alokatu ziotelako autobus batean Zumaia aldera joan zen antolatutako txango batean. 

Barku bateren bozina sarkin ikaragarri zaratatsua portura sartzen zenean entzun zuela eta Zumarragako tren geltokiaren ondoan itxaronaldi luzea egin behar zuela ziren bere gogorapenak. Antza denez matxura bat zeukan autobusa eta konpondu arte hantxe denbora luzea geratzera behartuta izan ziren. 

Baina deigarria  zen egun hartako beste hirugarren gogoeta. Autobusa pasatzerakoan bide erdiko  taberna batean arbela bat kanpoan zeukala ikusi zuen. Han idatzita zegoen hurrengoa: ‘Han asesinado a Kennedy’(‘Kennedy hil dute’).

Uztaileko 20.an joaten ari zen Zarugalde kaletik aurrera. Uda min erdi-erdiko eguzkiak  gogor jotzen zuen. Uribarrenen etxe aldera joaten ari zen. Muxibar tabernaren albotik pasa eta ezkerrera jo zuen Udalaren bideko aldapa  igotzeko. 

Han bidea eskuinera bihurtzen  zen toki berberean zegoen etxea. Etxabean zuen sala bat eta aurre aldean zeukaten etxe osoko telebista. Hantxe bertan ziren etxeko denak  telebista ikusten. ‘Zelako geldotasunez mugitzen dira’ entzuten zen kanpotik Elias Uribarrenek esaten. Egun hartan Neil Amstrongek lehen pausoak eman zituen Ilargian. 

Baina berarentzat bakarrik bere lagunek, Elias Uribarrenek eta besteek, kanpoan jolastu ez zuen nahi eguna zen. Larragain belardian ez zuten egun hartan futbolean jolastuko. Ez zuen ere baserritarrarengandik ihes egiteko aukerarik edukiko partida erdian belardian garrasika agertzerakoan, ohi egin zuen bezala. 

Bueltatu zen etxera triste Zarugalde kale erdi-erditik. Bero harekin odola punpaka buruan sentitzen zuen. Baina zerbait faltan somatzen zuen…

Bere aldameneko osaba Juan Bautistak  jasotzen zuen aldizka ‘Selecciones del Reader’s Digest’ (‘Reader’s Digest-en aukeraketak’)liburuxkak. Eta horietatik liburuxka asko pasatzen zizkien bere aldameneko bizilagunei. 

Han islatzen zen mundu berri bat,  Ipar Amerikako mundua. Liburuen eta filmen laburpenak, txisteak, sukaldeko errezetak, aholkuak eta iragarkiak agertzen ziren. Une honetan bazekien hori Ipar Amerikako erdi-mailako burgesiari zela zuzendua, motz eta modu trakatsean esanda ‘Westinghouse’-ko klasera. Klase horietakoak  horrela bazuten party batean zertaz hitz egiteko , beste partaideek tontotzat jo ez zitzaten. 

Baina garai hartan beretzat mundu ezezagun batek zabaltzen zuen bere aurrean, luxuzko eta jakintasunez beteta. Nahiz eta filmen eta  liburuen laburpen horiek argi erakutsi behar zukeen jende mota horrek ez zuela liburuak irakurtzeko edo filma ikusteko denbora haina. Bakarrik azalezko kultura zen. Baina orduko harridurak ez zion kritikari batere lekurik uzten. Kritikaren ahalmena oso ahul zeukan oraindik.     

Bere nerabetasunean Newsweek eta Time irakurtzen  hasi zen. Ronald Reagan hautatu zuten Ipar Amerikako presidente. Nahiz eta une honetan heroitzat modura jotzen zuten, Ipar Amerikarrak ez ziren iritzi berekoa garaia hartan. Ezaguna zen bere aurrean zeuden kazetariak ‘son of a bitches’ (‘putakumeak’) deitu ziela, mikrofonoa itxita zegoelako pentsatzen, hutsegitez. 

Bere jakin eskastasuna adierazteko  bere kolaboratzaile batek kontatzen zuen Newsweek-en  pasadizo bat. ‘Presidente Jauna, hau da errusiarren arma sekreturen  aurkitu dugun azkena. The A359’-esan zion kolaboratzaileak Reagani. ‘Eta beste antzeko hau?’-esan zion Reaganek kolaboratzaileari beste argazki bat seinalatuz . ‘Hau da A354, A359-ren beste bertsio baina aurreratuagoa eta berriagoa ’- erantzun zion kolaboratzaileak. 

’Aha!, Errusiarrek iruzur egiten digu, nahita zenbakiak gaizki jartzen!’ -esan zuen Reaganek, pozik etsaien maltzurkeria salatzeko aukera aprobetxatzen. Eta kolaboratzailek lasai, seriotasuna zailtasunez mantenduz, erantzun zion:’ Ez, Presidente Jauna, zenbakiak guk geuk  jartzen diogu arma sekretuari aurkitzen ditugun hurrenkeraren arabera’.

Kontsiderazio gutxi hori dela eta, Israeldarrak Washington-era bisitaldi batean Defentsa Idazkariengana joaten ziren zuzenean, Reagan Presidentearen gainetik pasata. Orduan Israeldarrek bazuten beren argudioa, beraientzat  eztabaidaezina: Ipar Amerikako muga Israelen zegoen, orduan muga horren defentsa Ipar Amerikako lana zen. Gaurdaino iraun duen argudio izugarria . Baina zerbait faltan somatzen zuen…

Paul Etcheverry zen beraientzat ekarritako ingeles irakaslea, Eusko Jaurlaritzak egindako Nazioarteko Merkatalgoari buruzko ikastaro hartan. Bera euskal jatorrizko ipar amerikarra zen. Amerika aldera bidaia horretan abizen bat baino gehiago aldatua izan zen. Haien artean berea. Bere jatorrizko abizena Etchebers(Etxebeste) zen, baina nola edo hala Etcheberry izaten bukatu zen. 

Berak kontatu zion txiste ipar amerikar bat. ‘Zer da tanke bat, gasolinarik gabe geratzen denean eta kanoiak funtzionatzeari uzten dio? Ba, 70 tonako irrati eramangarri bat’. Paul Laxalten istorio bat ere partekatu zuen. Paul Laxalt abokatua zen, Reaganen lagun hurkoa eta bere aita artzain euskalduna zen. Ipar Amerikako abokatuak , Trumpen abokatu batzuk azaldu arte behintzat, jende serio eta hitz-jariodunak izaten ziren. 

Behin egon ziren abokatu famatu batzuk afari batean eta han zegoen Paul Laxalt erdian azalpenak ematen artzainen bizitzari buruz. Han adierazten zien nola txistu mota desberdinak erabiliak izaten ziren txakurrari aginduak emateko, artaldea zuzen eraman zezan. Whisky botilatxo asko edan eta gero han zebiltzan abokatu guztiak lurrean eserita esku batekin mahaia heltzen eta txistu-hots kontzertu polifonikoa ematen beren artaldeko txakur imajinarioei aginduak emateko. 

Paul Etcheverry bazen ere bihotz samurrekoa. Kennedyri buruz hasten bazitzaion hitz egiten ezkutuko negar malko batzuk dirdiratzen zituen bere begietan segituan, 1984 urte hartan. 

Baina batzuetan bi toki horiek desberdinak , berea eta Ipar Amerikakoa, baten batzuk nahasten zituzten. Han zegoen bera Bilboko Terradas unibertsitate egoitzan egunkariak gainbegiratzen. Ez zegoen gauza handirik ikusteko, ABC egunkaria eta antzeko besteren bat. 

ABC- ko xakeren buruhaustearen ondoan ikusi zuen lerroburu bat: ‘El problema de la obesidad en EEUU’( ‘Estatu Batuetako gizentasun arazoa’). Eta artikuluen argazkia zen hurrengoa: bi mutil sendo auto baten ondoan, agian Citröen bi zaldiko bat,  pankarta handi batekin zeharo zabalduta eta tente. Pankartak horrela zioen: ‘Orio y la Real a Montreal’(‘Orio eta erreala Montrealera’).Ez zebiltzan oso fin ABC-koak. Ez zen ausartuko beste artikuluetan finagoak ibili zirelarik esatera. Bi oriotarrak Ipar Amerikartzat hartu zituzten. Montrealgo Olinpiadak aurreko urtean,1976 urtean, izan ziren.

Faltan somatzen zuena ‘Bonanza’ ikustea ere ez zen. Ferrerias kaleko etxe batean, bere etxekoaren aurrekoan,  gizon bat egoten zen balkoian bere hanka bateko psoriasia larria agerian nolabait eguzkitan sendatu nahian. Lehen pisuko balkoian ohi zegoen eta denda bateko jabea zen. Sozialista izan zen eta politikagatik kartzelan egonda ere. 

Kartzela bertan gaiztotu zitzaion hanka. Bere bazar antzeko dendan neskek eta mutilek puxtarriak erosten zituzten jolasteko, Arrasateko botxuez betetako herri hartan. ‘Txaparro’ goitizena zeukan jabeak eta bere denda horrela ezaguna zen, ‘Txaparronea’. Garai hartan kainozuloak ziren etsai nagusiak, puxtarriak ahoratzeko beti prest zeudelako. 

Mastekatutako txikle zati bat itsatsi makil baten muturrean armatuz kainozulotik puxtarria ateratzeko neska eta mutilen taldeak maniobrak egiten ordu asko eman zuten.  1963 urte inguruan dendaren atzealdean zeukan sala handi bat ,aulki pila bat eta aurrean  telebista bat. Hara joaten ziren auzoko neska eta mutil guztiak ‘Bonanza’ ikustera. Ziur aski  auzoko telebista bakarra izango zen. 

Aulki bat hartzen zuen eta esertzen zen programa hasieratik ikusteko. ‘La Ponderosa’ mapa osoa erre arte sua erditik alboetara zabaltzen zen. Pan, para pan, para pan, parapanpa!

Barrurago begiratu behar zuen faltan somatzen zuena aurkitzeko. Orduan konturatu zen zenbat aldiz zamalkatu zen mentalki urdinez jantzita Western batean. Urte eta urte eman zuen San Viatorreko klerikoen zine hartan, non zarata eta hurbileko pantaila xurgatu baitzidan bere arreta osoa, Western-go epopeia behin eta berriro ikusten. 

Indioak eta bakeroak , gaiztoak eta onak. Semeez  zamaturiko Jainkoaren beldur zeukaten laborarien karabanak , eta beste aldean lumadunak, indioak, adats motzaileak, beti prest karabanei erasotzeko eta whiskiarekin mozkortzeko. Eta haien artean zeuden zaindariak, uniforme urdineko soldaduak, Zalditeriako Zazpigarrena, bere tronpeta hotsez, azken uneetan bizirik eta salbu onak ahal den gehienak ateratzeko. 

Zelako burrunba hura, ikusleen hankekin sortutakoa, soldaduen zamalkatze larri hartan laguntzeko entzuten zen zinean. Beste alditan, azken zoko ezkutu batean bizi zen familia xume bat lurra lantzen. Eta egun madarikatu batean indio  andana zaldiz hil zituzten familia horren gehienak eta etxeari sua eman zioten suzko geziez. Eta bera hantxe zinean eserita gorrotoa sentitzen zuen indioen kontra eta familia horren parte izango balitz bezala pena handia sentitzen zuen. 

Han zebilen urdinezko soldaduei mentalki laguntzen eta bera ere urdinez jantzita zamalkatzen indio gaixto guztiekin akabatzeko. Gero jakingo zuen hori bere jabeei lurra musu truk kentzearen prozesua zela. Indioak ziren legezko jabeak eta beste aldekoak inbaditzaileak. Eta pelikuletan agertzen ziren gotorlekuak espoliazio prozesu hori ziurtatzeko ziren, ez kultura, ezta ere bizitza sozialaren defentsan. Nahiz eta bera bereganatzen zuelako epopeia hori leku oso urrunean gertatua izan, bera orduan zeharo murgilduta sentitu zen Estatu Batuetan. 

Arrotza eta urrutikoa izanik, auzokoa bezala sentitu zen bere argizarizko adimen moldagarrian, kritikaren lanabesak oraindik eraturik gabe. Txikle mastekatzen, erregalizak eta karameluak jaten zituen bitartean modu goxoan bere Mendebaldeko Zibilizazio boteretsuen alderako lerrokatze prozesua hasi zen.

Tormantosko lagun batek esan zion:’ begira, Erromatarrak Logroñoraino iritsi ziren’. Baina, nola esan lagunei Inperioaren agintaldia ez dela horrela izaten? Ez zen Erromako biztanleak Logroñoraino bizitzera joaten zirelako, baizik eta Logroñoko buruzagitzek Erromako lege eta bizimodura hartuz eta onartuz eratzen zuten prozesua. 

Horretarako behartuta sentitu beharko ziren une konkretu batean, baina hori beste gauza zen. Bere buruari hazka egin zion, eta pentsatu zuen: ’Tabakoren ekoizle handiak ez zuten Reaganen kanpaina finantziatu nahi, eta hortik dator gure munduko tabakoaren satanizazioa. Ildo horretatik, zer ondorioa ekarriko liguke Trumpi eta bere buru gabeko jarraitzaileei uzten baliete demokraziarekin bukatzea?’ 

Kalera irten baino lehen beste azken-aurreko pentsamendua izan zuen:’ Berrehun  urte barru historiagileek esango dute Arrasate Ipar Amerikaren Inperio barruan zegoela, baina, argi gera dadila ipar amerikarrak ez garela!’ Kalean arnasa sakon hartu eta gero irri bat agertu zen bere aurpegian: ’Pentsa, zer ondorioak aterako lituzkete antropologoek laurehun urte barru nire osabaren ‘Reader Digest’-en aukeraketak’-en arrastoren bat aurkituko balute!’.

 

7 iruzkin:

  1. Josemari Velez de Mendizabal:
    Antropologoek (oraindik existitzen badira) edozein ondorio atera dezakete laurehun urte barru... gizarteak daraman abiadura itzela kontuan izanda. Ni ez nintzateke fidatuko!!
    Segi horrela. Oso polita kontakizuna.

    ErantzunEzabatu
  2. Pedro Moso:
    'Reader's Digesten aukeraketak' jasotzen zuen osaba handi bat nik ere izan nuen. Oso artikulu gutxi irakurri nituela uste dut, baina liluratzen zitzaizkidan argazkiak, ilustrazioak, iragarkiak. Gogoan dut bereziki liluratu ninduen azal bat, hanka meheak bendaz estalita zituztela zaldi gainean zeuden polo jokalari batzuk. Internet magikoa kontsultatu dut eta hor agertu zait. 58. urteko azalaren bat da. Espainian keinurik egin gabe sartzekotan ginen zuk aipatzen duzun Westinghouse mundu horretan, nahiz eta egia den nire herrian oraindik ez dagoela polo jokalari asko
    Ez zait oso demokratikoa iruditzen Trumpen jarraitzaileak deskalifikatzea burugabetzat joz. Agian ezgaitu beharko lukete bozkatzeko burugabekeriagatik eta orduan onek irabaziko lukete ziur.
    Western filmetatik gehien gustatu zitzaidana hasiera izan zen, indioak beti hasten zirelako irabazten. Gero zertzeladak goitik behera aldatu ziren eta filmak interes guztia galtzen zuen.
    Jakina, Westerns-en mendebalde basatia ez zen inoiz existitu eta benetako cowboyek ez zuten John Wayne edo Henry Fondaren itxurarik. Askotan irudimena gailentzen da errealitate huts eta biluziaren gainetik.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aitortu behar dut AEBetako egungo gertakari politikoak ezagutzeko nire informazio iturriak YouTube Meidas Touch eta Brian Tyler Cohen-en daudela batez ere. Baina uste dut modu gozoa dela 91 delitu leporatuta dagoen hautagaia onartzen duen pertsona horri buru gabe deitzea. Kezkagarriena, Trumpek presidente gisa egin zuen guztiagatik immunitate orokorra eskatzen jarraitzen duela, presidente izateak legearen gainetik jarriko balu bezala. Bere ideologia osoa bere kontrako akusazioei bakarrik ihes egiteko arrazoi baten bila laburbiltzen omen da, bere kolaboratzaile eta abokatuekin zer gertatzen den axola gabe. Trumpek Katilina gogoratzen dit eta espero dut epaileek Zizeronen papera hartzea eta galdetzea: Quousque tandem abutere, Trump, patientia nostra?( noiz arte abusatuko duzu, Trump, gure pazientziaz?)

      Ezabatu
  3. Marga Garcia Enguix:
    Gogoan dut Reader Digest ere, ahizpa María Luisak mekanografia klaseetan artikuluak irakurri zizkigula.
    Bonanza western bat zen, igandetan etxean ikusten genuen bazkalondoan, Cartwright familia, aita alarguna eta Ponderosan bizi ziren 3 semeak.
    Nahiago dut ez hitz ere egin Reagan eta Trump-i buruz, politika globalei hain era negatiboan eragiten dien eskuin muturrekoari eta berarentzat etika izan ezik dena balio duena.
    Gauza bat da ziurra, amerikar eredua edoski dugu telebistan, filmetan, prentsan, eta esan beharra daukat indioak ez zirela gaiztoak. Aitzitik, gaiztoak haien lurrak hartu zituzten europar kolonizatzaileak ziren odol isurketa eta sua erabiliz.

    ErantzunEzabatu
  4. Julio Redondo:
    Zelako oroitzapenak! Garai hartako Reader's Digest, beti etxean. Niretzat, Newsweek eta Time berriak ziren... Presidente bihurtu zen aktore txar hark, batzuek esan zuten: Bai, orain Jerry Lewis Estatu idazkaria… Deustu inguruan yankiena Red Ryder eta Gene Autry izan ziren, ez zuten ekarpen handiegirik eman.. Beste maila! A ze inbidia!! Paul Laxalt-i eta txistuak erabiliz txakurrak maneiatzeari buruzko istorioei buruz zerbait irakurri nuen…Entzuten zen beste istorio bat: lodikote asko AEBetan! 'Bonanza' eta 'la Ponderosa'ren garaiak. Nire aita, apaiz-erdi, San Viator Klerikoez etxean hitz egiten lehena. Bestalde, telebistan erakutsi ziguten zazpigarren zalditeria, indioak, cowboyak eta AEBko mundu hura. Jadanik imajinatzen zaitut garai hartan, gaurko irakurle amorratua bihurtzen ari zela… Etxean pixka bat behar izan genuen... Aitak Uteha erosi eta gero guri 'Circulo de Lectores '-ko kideak egin zigun arte... Esperientzia horiek guztiak gogoratu eta birkonposatu ahal izan dituzu... Berriro diot, ze inbidia!!!.

    ErantzunEzabatu