2024(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

 




Bat-batean ezereza desagertu zen

Irakurtzen ari zen liburuak holako galdera potoloa zeukan haritzat: Zergatik dago zerbait ezereza egon beharrean? (1)Galdera sakona ,benetan. Ez zenekien horrelako galderaren bitartez filosofia osoa  azter zezaketela. Horren harira burura etorri zitzaizkion pentsamendu batzuk. Bizitza huts itogarritik ihesaldi bat bezala ulertua izan zitekeen, batzuen arabera, Sartre eta Heidegger haien artean. 

Ekintza ihesaldi bat bezalakotzat ikus zitezkeen, baina bide orokor horretatik joan gabe, egunerokotasunera joanez, etorri zitzaizkion burura Arrasaten gertaturiko pasadizo bitxiak, non ‘zerbait’ hori ,hutsaren kontrakoa, agertu baitzen.’ Gaztetasunean tabernarako zaletasuna izandakoa zerbaitetarako zerbitzuko da, dena ez diozu heldutasunari zor, motel’-esan zion bere buruari. Mota ezberdineko gertaldiak zirenez, nolabaiteko sailkapena egin zitekeen. 

Hasieran bestearen agerraldia nahikoa izaten zen ‘zerbait’ horren aurrean izateko. Nahiz eta   ‘zerbait’ horretatik ihes egiteko gogoa sor zezakeen.

‘Pro nostri generis libertate combusta’(gure arrazaren askatasunagatik erreta)idatzita zuen jauregi bateko armarriaren aurrean zegoen. Erdi Aroaren amaieran eta Errenazimenduaren hasierako oihartzunak. Oñatiko kondearen menpekoa izan ez zitezen , Bedoña zeukaten etxea erre zuten eta Arrasateko hiribilduan Artazubiagatarrek eraiki zuten etxea libre bizi zitezen. Jauregi horren ostean arbola arteko tarte gerizpetsua zegoen. 

Hogeigarren mendean hantxe barra bat jarriz taberna bat zabaldu zuten, eta beste izen ez zuenik, ‘La Terraza’ bezala ezaguna zen. Seme alaba askotariko familia bat zeukan taberna horren ustiatzeko baimena orduan.

Asteburu bateko eguerdian lehen hogeiren bat bezero barra horren aurrean biltzen ziren. Tabernako seme gazteena atera zen zerbitzatzeko. Han hasi ziren bezeroak eskatzen: ‘vermut bat!,Errioxa bat!, klarete bat, txakolin bat’. Tabernariak, hasieran behiak trenari begiratzen zion moduan bezeroei begiratua bota zien, baina gero eskaera desberdin horien aurrean hasi zen urduritzen. 

Eta derrepente argitu zitzaion  aurpegia eta jokabidea. Hartu zuen hogeita hamarren bat baso eta ardo txuri botila bat. Barra gainean jarri zituen eta bete zituen erdiraino baso guztiak. Esan zuen: ‘hala, ardo txuria denontzat’. Bezero guztiek marmarka edan zuten ardoa eta gogo txarrez ordaindu zuten eta joan ziren. Zerbait nekosoa gauza erraz bihurtu zuen tabernariak, nahiz eta eskaerei batere jaramonik egin gabe.

Taberna horren jabeak bazuen loro bat: Luixito. Baten batek egun batean utzi zuen Luixitoren kaiola zabalik eta loroa atera zen. Han zebilen tabernaria bere seme batekin loroaren atzetik, kalez kale. Ferixalekua zeharkatzen zen kable elektriko baten gainean ikusi zuten azkenekoz. Loroak azken begirada eman zion jabeari, eta ‘luixito,luixito’ ohiuei eta txistuei jaramonik egin gabe, hegan desagertu zen. Agian esango zuen berekiko: ‘Hobe ehun txori hegan, bat besteren eskuetan baino’.

Hurrengo kasuetan urruneko izen geografiko bat aipatzeak azpimarratzen zuen ‘zerbait’ hori. Normalean ‘zerbait’ hori laudatzeko erabilia izaten zen.

Aipatutako ‘Terraza’ tabernan ginen. Hantxe zegoen talde bat pintxoak jaten. Haien artean zegoen bat oso pozik eta oso gustura pintxoak dastatzen. Arrasateko PSOEren zinegotzia zen. Bat-batean hasi zen esaten bozkarioz gainezka: ‘Hau ez duzu jango ezta, ezta…’ Eta bere esaldia bururatzeko, bere hiri gustukoena zein zen erakutsiz, bukatu zuen: ‘… Londresen ere’. 

Ez zen gaizki ibili aukeratzen. Ingalaterrako sukaldea nahiz eta fama txarra izan, mundu osoko sukaldariek soberan bete dute hutsune hori Londresen. 

Udako egun eguzkitsu batean zegoen Udala auzoan. Udalaitzen maldan jende batzuk bazkaltzen ari ziren harraska baten ondoan. Aldapaz beherako belardi hartan nabaritzen zen haize gozoa. Oso lasaigarria zen berotasuna ekiditeko. Bi etxekoandre nabarmentzen ziren jende multzoetatik. Eguzkipean ziren jaten eta eguzkia hartzen bainujantzian. 

Haize fresko bolada bat altxatzen ari zen bitartean esan zion batek besteari oso pozik: ‘hemen baino hobeto, non egon gintezkeen?’ Eta une labur-laburrean pentsatzen egon eta gero, gaineratu zuen: ‘ezta Buenos Aires-en ere’. Emakume horrek jakingo balu Buenos Airesen fundazioko izena zen’ Aire Oneko Gure Andre Maria’!

Hirugarrenez, beste mota bat izan liteke .Grabitatearen indarrak  edo bi gorputzeko leku eta aldi berean izateko ezinezkotasunak erakusten zuten ‘zerbait’ hori

Gaueko lagun batek ,Arantzazun fraiderekin estudiatu zuenak, kontatu zion berari gertaturiko anekdota. Jateko ordua zela-eta, berari tokatu zitzaion edalontziak mahaira eramatea. Han joaten zen txintxo-tintxo  hamarren bat baso ilara eramaten. Ezkerreko eskua goiko hirugarren edalontzian zeukan jarrita, eta eskuinekoa beheko edalontzian. 

Jangelako zarata entzuten ari zen eta arreta ez zuen osoa edalontzietan jarrita. Ustekabean goiko bi edalontzi hasi ziren mugitzen,’kli,kli’ doinuarekin. Gure lagunen higidura erreflexuaren bitartez beheko eskuekin goiko edalontziari heldu zion, ziztu bizian, bitan pentsatu gabe. Akabo! Beste zazpi bat edalontzi apurtu ziren kraska handi batekin zoruen kontra. 

Denok berari begira eta gure laguna mentalki ezkutatzeko leku baten bila aurkitu zitzaion. Ezkutalekua ezereza izango balitz ere, pozik hartuko zukeen!  

Aretxabaletar batek kontatu zion  hurrengoa beste gauean. Poteo polit baten ondoren bere etxera zihoan. Kostatzen zitzaion zuzeneko lerroa eramaten baina hala ere, poz pozik zegoen. Zer esango zuten bere aitak/amak zegoen moduan ikustean? Bederatziak aldean ziren eta ez zeukan batere goserik. 

Eskalerak igotzerakoan izan zuen ideia zoragarria. Sartuko zen etxean, sukaldeko atea zabalduko zuen eta gabon aitari eta amari esanez, joango zen zuzen (?)bere gelara. Gutxienez bazen gauza etxeko atea zabaltzeko, ze ezagutzen zuen batzuk mozkorrarekin etxeko atea zabaldu ezinean, ate aurrean belaunikatu egin zirelarik, erregutzen ateari bera bakarrik zabal zedin. Zabaldu zuen etxeko atea. Primeran! 

Baina gero, sukaldeko atea zabaltzerakoan, oreka galdu zuen, zabuka balantza handi baten ondoren zerraldo jausi zen sukalde erdian. Bere amak eta aitak izuturik begiratzen zioten. Akabo aitzakia! Zerbait horrek, sukaldeko zolak, gelditu egin zion. Bestela...   

Beste tabernako kontaketa da hurrengoa. Baten bat zegoen kotxea aparkatu nahian. Han aramaioar bat agertu zen laguntzeko. Bera hasi zen kotxe gidariari esaten:’ Jo, beldur barik’. Gidaria hasi zen bolantea mugitzen kotxea atzerantz eramateko. Aramaioarra eskuineko besoa mugitzen zen bitartean jarraitzen zuen esaten: ‘Jo’. 

Gidaria ez zegoen oso ziur, hurbilegi ikusten zuen aldameneko kotxea, baina, hala ere, laguntzailearen aginduak jarraitzea erabaki zuen. Laguntzaileak hantxe irmo jarraitzen zuen besoa mugitzen eta esaten: ’Jo, jo’…Orduan ’Klak’ entzun zen beste kotxearekin talka egin zuenean. Eta  aramaioarrak gaineratu zuen, tonu irmoz: ’Jo duzu’. Eta gertatutakoa zerbait logikoena zelakoan, oso lasai alde egin zuen.

Laugarren motan, zerbait hori ezbehar mingarri batean agerian geratzen da.

Herrian bazegoen pertsonai bat ‘Katanga’ goitizenez ezaguna zen familiakoa. Haien ezizena izen horrekin zuten taberna baten izenetik zetorren. Narratzailearen senitartekoa zen, ze familia horren aita bere aitonaren anaia zen. Oso berezia zen, Union Cerrajera lantegiaren ondoan zeukan txabola bat. Hantxe pare bat txakur , txirrina zahar bat, eta egurrezko txasisko auto zahar bat zeuzkan. 

Txirrina horrek ez zeukan frenorik eta hanka puntaz frenatzen omen zuen, atzeko gurpila ukituz. Gure lagun Elias zegoen egun bat Kanpanzarretik Arrasatera sartzen den aldapa pikoa txirrinaz jaisten. Abiadura ederra hartu zuen holako jaitsieran. Tupustean esan zion Eliasek: ‘Hurrengoan frenatuko dut Katanga frenoak erabiliz’. Han hasi zen Muxibar tabernara zeraman mugerrez betetako aldapa zorrotza ziztu bizian jaisten. Bide erdian zegoenean atzeratu zuen eskuineko hanka eta ukitu zuen atzeko gurpila. 

Horren ondoren, gora igo zen txirrina osoa. Elias une batean hegaldi izugarri  horretan lurrean eta txirrinaren artean aurkitzen zitzaion. Gero bi eskuekin lurrera kontra joan zen, bizikleta bere gainean zeukalarik. Altxatu zen   garrasiz ’ hiltzen naiz, hiltzen naiz’ bere etxerantz joaten. Hurrengo egunean bi esku igeltsatuekin agertu zen. Hor bai hor, ‘zerbait’ gogorra, errepidearen zorua!

Hurrengoa oso sinplea zen eta ez zuen kontatuko berak testigu zuzena izango ez bazen. ‘Roka’ goitizenezko lagun batek esan zion egun batean: ‘niri ez zait inoiz hezurrik apurtu’. Hurrengo egunean irribarre triste batekin zetorrela, ezkerreko eskua atzean ezkutua zeukan. Astiro-astiro mugituz erakutsi zion ezkerreko eskua igeltsatuta. Honako hau pentsatu zuen hori ikustean: ez esan inoiz ‘niri ez zait zerbait gertatu’, zerbait hori zuri inoiz gertatzerik ez baduzu nahi.

Azkenean, gure asmakizun mekanikoek erakusten zuten batere errukirik gabe ‘zerbait’ hori.

Lagun min bat bueltatzen zen etxera, gau zuri baten ondoan, goizeko zortziak aldera. Presaka zebilen , zeren bere amona goizeko zortzietan mezara joaten zen egunero. Ez zuen berarekin  gurutzatu nahi. Normalean goizago bueltatzen zen, baina gau hura motza egin zitzaion. ‘Zergatik bueltatu, egunez da oraindik-eta, zergatik bueltatu gaua da oraindik-eta’ holako lema zeukan batekin elkartu zen bere galbiderako. Londresen egongo balitz ‘Oliver Reed-ekin topo egin dut-eta’  edo Dublinen ‘Brendan Behan-ekin topo egin dut-eta’ aitzakiak nahikoa izango zitzaketen, baina Arrasaten zegoen. 

Presaz presa ikusi zuen Etxe Txikiak eskuinean eta bizkortu zituen pausuak. Ahal bezain isilean ireki zuen atea. Hantxe atarian atxikita zeukan bere begirada penduluzko erloju salatzailean. Ematen zuen ‘bazen garaia, motel’ esaten ari zitzaiola. Oso gutxi faltatzen zaio zortziak jotzeko. Ideia bat izan zuen. Erlojua aurreratzen bazuen pixka bat, ez zuen zortzi kanpaia jo eta etxeko inork ez zuen jakingo ze ordutan etortzen ari zelarik. Horrela erloju salati horrek ez zuen bere etxeratzeko ordua esango. Zabaldu zuen erlojuaren atea eta mugitu zuen erlojuaren orratz luzea. 

Ordua pixka bat aurreratu zuen, zortziak eta segundo batzuren puntuan erlojuan jarriz. ‘Beno! Konponduta!’ pentsatu zuen berekiko. Baina gelako atea zabaltzerakoan, erloju malapartatu hori hasi zen jotzen: ‘Don, don…Futbolari eta Arrasateko alkateorde ohiaren etxe hartan goizeko zortzietan penduluzko erlojuak hamasei kanpaiak jo zituen. ’Akabo aitzakia!’ esan zuen lagun minak oheratzekoan.’ Erloju madarikatua. Tramankulu hau etxean egongo ez balitz!’

Hamar gertakari horiek gogoratu eta gero,  zerbait mikatza sentitu zuen bere barruan. Ez zekien argi sentimendu horren arrazoia. ‘Adimen artifizialen hasierako garaian gaudenez, garrantzitsua izango da benetako gertakariak nabarmentzea. Gertakarietan badago hezur eta haragia, eta fantasiazko eremuan, bakarrik gezurrez jositako alegia’-esan zuen berekiko

Marmarrean jarraitu zuen esaten: ’errealitatea da fantasiazko zapatan sartzen zaizun kendu ezinezko hartxintxarra, nor zaren eta non zauden gogoratzen zaituena’.

Amaieran ondorio moduan galdetu zion bere buruari:’ nola inposatzen du errealitateak hamaika aldiz errepikatutako gezurren aurrean? Horra hor gakoa!’

(1) Holt, J. (2012). Why does the world exist? New York/London: Liveright Publishing Corporation

5 iruzkin:

  1. Pedro Moso:
    Irakurtzen ari zinen liburutik milioi dolarreko galderaren inguruko ( zergatik dago zerbait ezer ez egon beharrean? )espekulazio metafisikoak zabalduko dituzula uste nuen,baina ikusten dut zure denbora galduaren bilaketa partikularrekin jarraitzen duzula. Noski, zure oroitzapenak haragiz eta odolez (eta batzuetan hautsitako hezurrez) eginda daude.
    Luixito loroaren irudiarekin geratzen naiz, libre hegan kable elektrikoraino eta harago. Leonard Cohenen 'Bird on the Wire' abestia ekarri dit gogora. Abestiaren bilatzera noa.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Eskerrik asko, Pedro.Ez nuen ezer gutxiago espero, «Nor zen Theodor Wiesengrund»-i buruz erronkari egin nion galderari, «Adorno» zalantzarik gabe erantzun zidan pertsona batengandik.
      Boteretsuak oso erosoa dago kultura zentzumenetara zuzenean doazen arteekin parekatzeko jarrerarekin. Horrelako kultura motarekin gogoeta gogaikarri eta arriskutsua saihestuz, hau da, kultura musika eta arte bisualak dira eta kitto. Gero, totalitarismoaren aurkako mea culpa hipokrita bat aldarrikatzen du, hausnarketa eta hari lotutako kultura osoa ezabatuz lagundu bazuen ere. Eta hori, euskarari dagokionez, bekatua da... hilkorra.
      Memoria eta hausnarketa botere absolutuaren aurkako arma indartsuak dira. Azkenaldian apur bat baztertuta izan dut gogoetaren lana, ea itzultzen naizen.

      Ezabatu
  2. Manu Ceballos:
    Kaixo Joseba
    Zure azken kapitulua irakurri dut, bere lehenengo esaldiarekin nire bizitzan zehar bidelagun izan nauten galdera bat gogoratu dit.
    Zergatik dago zerbait ezereza egon beharrean? , lau urte inguruan hasi nintzen neure buruari galdera hau egiten, Camacho Eskoletan ikasten ari nintzela, Iralabarrin. Han dena zen aginduak, inposizioak, nolabaiteko zigorra, etab., “diziplina” esaten zioten, azken batean. “Diziplina” horretatik sortu ziren gertakariek nire baitan izaera eta nortasuna finkatzeko lehen harriak jarri zituzten eta gaur arte nirekin izan dira.
    Egun batetik bestera jasan ninduen eta ordura arte ezezaguna zen jokaera honek, EZER EZ, EDO INOR EXISTITU BEHARREAN, ZERGATIK ESISTITZEN ZIREN GAUZAK (ETA BATEZ ERE, ZERGATIK ESISTITZEN NINTZEN) galdetzen hasi nintzen. Ez nuen ulertzen, eta gaur ere ez dut ulertzen.
    Joseba, badakit ez duela zerikusirik zure artikuluarekin, baina tira, galdera hau beti bidelagun izan dela komentatu nahiko nukeela, etapa batzuetan maizago eta beste batzuetan urrunago. ("Eskerrak Jainkoari", ateratzea zaila egiten zaidan begizta bat delako).

    ErantzunEzabatu
  3. Marga Garcia Enguix:
    Errealitatea eta fikzioa elkarren ondoan doazela uste dut, istorioak errepikatuz batzuetan zalantzan jartzen naiz lehen pertsonan bizi izan ditudan edo, aitzitik, nire memoriak desitxuratu edo bereganatzen ditu besteen istorioak.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hemen ez da horrela, nik ikusitako edo zuzenean bizi izan zituztenek kontatutako istorioak dira. Gertaerak errebindikatzeko eta fantasia irrazionalak saihesteko garaia dela uste dut.

      Ezabatu