Arratoiak eta
diseinu adimentsua
Gauean bukatu zuen Jim Holt-en liburua(1) eta nahasi samar sentitu zen oheratu zenean. Goizean begiak zabaldu zituenean ‘nor/zer naizen edota non nagoen’ duda egoeran aurkitu zitzaion. Galdera ikurra erraldoi bat haragitua besterik ez zen. Halako harriduraren egoera bere esistentziaren oinarrizko froga zela konturatu zen. Bere gorputzaren atalak, atalak edukiko balitu, edozein izan zitezkeen. Behin begirada bat bere gorputzari eta bere ingurura botata, ez zegoela ezer arrarorik ikusirik, astuntasun sentsazioa sentitu zuen.
Harridura egoerari jarraitzen zioten sentsazioak. Buruko min pixka bat zeukan, deshidratazio puntu bat zeukan seinale. ‘Altxa, alper halakoa, berandu da eta!’ entzun zuen bere buruan. Aginduak, betebeharrak eta sentimenduak kanpoko heziera barneratutako prozesuak ziren. Nor zen bere burua agintzen zuena? ’Ni?’-galdetu zion bere buruari.
Ez zeukan argi zer zen ‘ni’ hori, sentsazioak, bizipenak, sentimenduak,
erreflexioak eta aginduak elkartzen ziren zera horren aparte. Eta elkarketa
horren gainean begiralea: erreflexioa. Baina nola ikus zezakeen bere burua?
Begirale hori dimentsio askotarikoa izan zitekeen. Zenbat aldiz begiratu ziezaiokeen
bere buruari? Bat, edota lehenengo begirale atzean beste bat aurki zezakeen?
Eta bigarren horri beste bat? Eta horrela… noraino?
Altxatu zen eta begirada bat bota zion ‘Berria’ egunkariari. Hantxe aurrean zeukan mundua. Diktadore bat , faxismoari bukatzeko asmoa zeukan aitzakiaz gerra bati jarraipena ematen. Beste muturrean, beste pertsonaia batek bere aldeko gezur guztiak erabiltzen ditu berriro presidente izateko, demokrazia handiena suntsitzeko arriskuan.
Triangelu gorri hori osatzeko, eraso bortitz bati erantzunez, mila aldiz
indarkeria handiagoarekin biztanleria bizi den eraikin guztiak botatzen
dituzte. Ez dute izaki guztiek balio berdina? Non eta Lurralde Santua izendatu
zutenean! Nahiz eta ezinezkoa izan, gizakiaren zerrendatik ezabatzeko gogoa
sentitu zuen.
Andoni Egañaren zutabea
irakurri eta gero atera zen kalera bere beharra betetzeko bere inguruko
gizartean. ’Ez eman buelta asko, angustia ekiditeko murgildu zaitez
lanean!’-murmurikatu zuen. Eta inguruko arazo guztiek bere arreta osoa
bereganatu zuten. Bere-berea zen munduan urperatua sentitu zen orduan.
Kafea hartzeko orduetan liburuan irakurritakoa buruan zeukan bueltaka. Ahalik eta mundu onenean bizi garen ideia, Leibnizek argi izan arren, arrazoi gutxi zegoen egia zela sinesteko. Ontasuna dela mundua zuzentzen duen printzipioa ez zuen ere egia izateko eskubide handiagorik. Ezta ere sinpletasuna. ‘Ze sinple zaren batzuetan, hori sinesteko!’-bere barruko ahotsak esan zion.
Unibertsoa mugitzen ari zen, eta gau batean ikusten genuena ez zen berdin-berdina pasa den gauaren ikusi genuena. Erakargarri eta aldaragarri indarrak jokoan zeuden ,eten ezinean, eremu ezberdinean. Prestigiozko fisikari batzuek ‘Unibertso anitzeko’ teoria onartzen zuten. Unibertso asko zeuden, teoria horren jarraitzaileentzat .Teoria hori beste testuinguru ezberdin batentzako erabilgarria izan zitekeela pentsatu zuen.
‘Ezerezetik Jainkoak , edo huts
kuantikoa, edo dena delakoak, unibertso infinituak sor izan zitzakeen. Baina
guri, tamalez , erdipurdiko mundua egokitu zitzaigun. Ontasuna, bertutea,
sinpletasuna, egiaren maitasuna oso zaila da aurkitzea. Zer egingo dugu, ba?’-xuxurlatu zuen bere
golkorako. Gogoratu zuen zer idatzi zuen hogei urte-edo zeukanean. Garai hartan
bururatu zitzaion esaldia honela zen: ‘Zein txarto atera behar zitzaion
Jainkoari mundua, beregandik oso urrun bota zuela-ta’. Esaldia idatzi eta liburu
baten barruan gorde zuen. Gaztetasunaren ateraldiak!
Memoria lagun bere herrian,
Arrasaten, izandako gertakariak erakutsi
zion zer urrun gauden batzuetan gauzen arruntaren arrazoiak jakiteko. Gauzak
horrela, Unibertsoko diseinuari buruzko jakiterik gertuago ginela zaila zen
pentsatzea. Diseinu adimentsua baldin bazen, gure adimenetik artean urrun zegoela
ematen zuen.
Urte pare bat-edo faltako ziren berrogeita hamar urte bete zedin hango gertakari izan zenetik. Herrian leku jakin batzuetan jendeak uzten zuen zaborra. Kamioi batek jasotzen zuen zabor guztia eta egunero eramaten zuen Kanpazarreko bidean zegoen zabortegira. Errepidetik behera joan zen zaborraren mendixka baten forma hartuz.
Kamioa hara heldu, altxatzen zuen iraulkia eta karga guztia beherako bidea hartzen zuen, zabor berriak arrastaka pasatzen zen zaharraren gainetik maldan behera. Han joaten ziren piririka lata huts guztiak. Konponbide errazena: begiak ikusten ez zituenean bihotza lasai! Herri handi baterako ez zen aukerarik aproposena.
Zabor mendi hori gero eta handiagoa zen eta horrek arazo asko sor zitzakeen. Konponbide bezala Udaletxeak leku berean erraustegi bat jartzeko erabakia hartu zuen azkenean. Herriarentzako solasaldiko gai bihurtu zen. ‘Ze martxan dabilen lanak?’-galdetzen zioten beraien artean egunero. Herritik oso hurbil ez zegoenez, lanen jakitun gutxik informazioa ematen zuten, eta horrela eguneratzen zen berria herrian zehar. Eleka-meleka guztietan aipatua izaten zen gaia. Paisaia itsusarazten zuen zabor muino hori laster desagertuko zen.
Dena bere martxan eta norabide egokian, ze zoragarria zen aurrerapena! Munduko aitzindari-taldeko partaideak sentitzen ziren herriko biztanleak. Baina eraikuntza amaitu zenean, errausketa ez zen hasi eta herria ziurgabetasun egoeran murgildu zen. ‘Nola ez dira hasten zaborra errausten oraindik ?’-galdetzen zioten herrikoek. Herriko zoko batean hasitako zurrumurrua hedatzen hasi zen hitz madarikatu baten bitartez: ‘arratoiak’. ‘Nola arratoiak?’-galdetzen zion solaskideak, higuin keinu bat eginez.’ Bai, zabortegian arratoi andana daude eta zaborra desagertzerakoan herrira jaitsiko dira elikaduraren bila’ .
Nazka eta beldurra jabetzen zen herrian, bolborari sua emandakoa bezala. Bat baino gehiago hasiko zen ‘Hamelingo txirularien’ ipuina berrirakurtzen. ’Ez dela egongo holako antzekorik nonbait?’ -pentsatuko zuten holako biztanleek, amets eginez. Beste batzuei ‘Intxaur-hauskailua’ balleta edo ‘Intxaur-hauskailua eta saguaren erregea’ liburua etorriko zitzaizkien burura. Arratoiaren erregearen eta bere armadaren kontra gudu epiko baten barruan bere burua irudikatuko zuten. Baina epikaz aparte, nazka eta beldurra sentimendu gailenak ziren.
Hori baretzeko beste zurrumurru bat hasi zen zokotik hedatzen: arratoi-pozoiaren munduko aditu batzuekin Udaletxea kontaktuetan jartzen hasi zen. Berriketak zioen gainera aditu horiek japoniarrak zirela. Han zebilen kaleko txutxu-mutxu guztietan:’ Japoniarrak, bai. Badakizu, japoniarrak puntako teknologia erabiltzen dute’ . Arratoiak eta zaborrak erraustu behar zueneko kontu horiekin denbora pasa ahala azkenean garai hartako eskasak ziren ekologistak ere hasi ziren parte hartzen.
Ez zirudien, beraien ustez, errausketa modu egokia zela zaborraren arazoari erantzuteko. Manifestazio bat egiteko baimena eskatu zuten. Baimena emanda herriko jende asko parte hartu zuen manifestazioan. Ez zeukan argi zein zen manifestazioaren helburua baina argi zeukana zera zen: arratoiak herrira jaistea arazoa izugarria zen. Kontsigna gutxi entzuten ziren. Denbora pasa ahala, jendeak bazekien zerbait egiten ari zirela, baina adituen lana izango zelakoan zeuden. Kaleko kalaketan bukaera berdina zen: ‘Badakizu, bere gauzak egongo dira egiten ekarritako adituak’. Handik hilabete pare bat-edo hasi zen erraustegia martxan. Arratoiaren jaitsierarik ez zen gauzatu. Zelako lasaitasuna hartu zuen jendeak!
Baina
astebete barruan lagun batek , zeinen aita Udaletxeko partaidea baitzen, esan
zigun: ‘ez duzue sinetsiko zer esan zidan etxean aitak, arratoiaren arazoaren
bukaera aipatu nionean’. ‘Zer esan dizu, ba?’-galdetu genion. ‘Ba horrela
erantzun zidan purrustadaz: ze arratoi eta zer maratoi! Proiektu hori egin
zuenak ahaztu zuen argindarra herritik haraino eramatea. Eta hor ibili dira
isil-isilik denbora tarte horren probestuz argi indarra haraino eramaten, tutik
ere esan gabe inori’-erantzun zigun. Denok harrituta geratu ginen, zer esanik
ez genekiela.
Bere pentsamenduan murgildu zen. ’Lehen ginen guztia bakarrik materia bezala adierazia izaten zen. Orain sinplifikazio ezeztatzaile horrekin jarraituz bakarrik gara datuak, hau da informazioa da dena. Gure unibertsoa antzemateko edozer motatako neurgailuak erabili genituen lanabesa moduan. Baina azkenean neurri guzti horiek harrapatu egin gaituzte. Dena da neurria, gu ere bai. Morroia jabe bihurtu da.
Pertsonak orain bakarrik gara funtzio matematiko bat bariable jakin batzuekin. Eta hau mugikorra edo antzeko tramankulu baten lotua egon garenetik, gero eta errealago bihurtu da. Nonbait agertzen da zer irakurtzen dugun, ze, gainera, gehiena automatikoki kargatua izaten da. Zer ordutan jaikitzen garen eta nondik nora ibiltzen garen eta zer denbora tarte barruan. Baita ere zer bilatzen dugun eta zer erosten dugun.
Datu guzti horiek, definitzen gaituztenak, datu-basean geratzen dira. Konplikatuago
garen heinean bariable gehiago izango ditugu funtzioan, baina hori da dena.’
Haserre samar murmurikatu zuen: ’zerbait egin behar da horren kontra’. Bere
azken pentsamendua holakoa zen:’ hasi beharko genuke liburuak gehiago
irakurtzen. Horiek ez dute emititzen kokalekua finkatzeko seinalerik, eta gure
irakurketa ez da geratuko inongo base-datuan, gure adimenean bakarrik ’
Gero irribarre batekin gogoratu zuen 2024.urteko Frantziako Tourrean ikusitakoa. Azken etapan aldapa pikortsu batean erloju kontrako proban banan-banan zetozen txirrindulariak.
Hantxe
bertan hiru emakume gazte zeuden animoak
ematen. Kartoizko pankarta bat zeramaten eskuan urdin, txuri eta gorriz
idatzitako mezu batekin. Frantses ez oso akademikoan zioen pankartak:’ eman
pedalei, bost minutu barru taberna itxiko balute bezala’(2). Barre
eutsi ezinean esan zuen ahapeka: ‘Bedeinka
zuek, zeure giza asmamen eder horrek salba gaitzala!’
(1) Holt, J. (2012). Why does the world exist? New
York/London: Liveright Publishing Corporation
(2) ‘pédales comme si le
bar ferme dans 5 minutes’
Josemari Velez de Mendizabal:
ErantzunEzabatuGaur ere, seriotasunaren barruan, irribarretxoa loratu zait ezpainetan zenbait aldiz. Horixe da sortzearen helburuetariko bat, irakurlea idatziaren bidez entretenitzea. Eskerrik asko.
Pedro Moso:
ErantzunEzabatuZure goizeko niri, identitateari eta norberari buruzko hausnarketak bilatzen aritu naizen Steinerren aipu baten antzekoak dira…” pentsamenduari buruz pentsatzeko saiakera oro, aldi berean, pentsamenduaren prozesuan nahasten da, bere autoerreferentzian.” Bide batez, Pentsamenduaren Tristurarako Hamar (Balizko)Arrazoi izeneko liburutxoa berrirakurtzen hasi naiz. Argi dago zure artikuluek nerbioak astintzen dizkidatela.
Zure gazte ateraldia ‘zein txarto atera behar zitzaion Jainkoari mundua, beregandik oso urrun bota zuela-ta’ Porfirio Diazen (uste dut) esaldi famatua ekarri dit gogora. «Mexiko gizajoa, Jainkotik hain urrun eta Estatu Batuetatik hain hurbil». Une honetan agian denok gara Mexiko pixka bat.
Beldurra sartzean oinarritzen diren iruzurrak arrakastatsuak izan ohi dira eta, noski, arratoiak mehatxu gaiztoaren ikur argiak dira. Nire atarian desratizazio kanpainak iragartzen dituzten Udalaren kartelak aldizka egoten dira. Batzuetan pozoitik bizirik irauten duten arratoiak gero eta ikaragarri handitzen ari direla imajinatzen dut, japoniar pelikula bateko munstroak bezala.
Dena den arren, itxaro dezagun gizakiaren bihotzeko txoko batean oraindik ontasunari, bertuteari, sinpletasunari eta egiaren maitasunari lekua dagoela.
Juan Fernandez-Nespral:
ErantzunEzabatuAizu, hausnarketez gain, zein ona den arratoien inguruko pasadizoa. Horrela funtzionatuko du ekonomia handien munduak (batzuetan, behintzat). Ez dezatela ohartu, irabaz dezagun denbora eta zuzendu hau... Eta norbait joaten da, eta arratoiaren aitzakia bururatzen zaio.Oso ona