1Platon
Txindokin,Gerra Zibileko galtzaileen isiltasuna
Batzuetan gauza bitxi batzuk beste gauza batekin lotuta
gertatzen dira, eta gero denboraren
perspektibak bultzatzen gaitu gauzei
zentzu bat aurkitzera. Halako batean Platonen ‘Errepublika edo Estatua’(jatorriz 'Politeia') liburuarekin suertatu zitzaidan. Iraileko arratsalde batean Lazkaotik atera
nintzen, Lazkaomendi aldera liburu horrekin eserita patxadan irakurtzeko
asmotan. Hain ederra zegoen Txindoki mendia
handik begiratuta,ezin nintzela han geratu.Mendia zeharkatzen jaitsi
nintzen Zaldibiara eta herritik trabeska ere igo nintzen bidera.Bidea jarraituz
Gaztelu mendixkara igo nintzen eta altuera
hartatik mendiko erpinak utzi gabe ailegatu nintzen Txindoki magalera. Neska
bat saltoka ziztu bizian zihoan Larraitzera
daraman bidetik behera.Txindokiko lamia?Errekasto batean oskola gardena zuten
karramarro txiki-txiki batzuk ikusita ,edateko gogoa kendu zitzaidan.Arratsaldeko
seiak aldera ziren eta argia ahultzen zihoan baina …ze demontre!, honaino
ailegatuta! Eup!Eta gora.Jaisten hasi nintzenean argi oso ahula zegoen, gainera
koinatuak utzitako botak ni behar nuena baino hiru zenbaki gutxiago ziren, eta
hanka bat batzuetan arrastaka eraman behar nuen ezkerreko bota ez galtzeko. Estropezu
batzuk , madarikazio batzuk bota, badaezpada lau hankatan ibilbide zati batzuk egin
behar , ni eta zaldiak, polita iluntze hartan. Gaztelu jaistean ikusi nuen auto
bat hurbiltzen beheko aldean, larehun
metrotan eta aukera nuen kotxe
argiekin nire erlojuen ordua ikusteko. Gero jakin nuen kotxe horretan nire
koinatua , Iñaki Madrazo, zetorrela nire bila .Baina hori ez nekien eta jarraitu nuen oinez,erdi arrastaka,liburua
eskutan Zaldibiaraino ailegatu
arte.Zortziak pasata ziren.Han deitu nuen telefonoz etxera eta esan zidaten
Ertzaintzari deitu ziotela eta guzti. Nire erantzuna: ‘Mendian ez da galtzen
inor ’. Gaztetasunaren buru arintasuna.Txindokiraino bidaia polita eman zuen
liburuak, oso erosoa zeren orrialdeei ez bainien batere begiradarik bota.Baina liburua puntan egon zen.
Bigarrena motzagoa zen baina niretzat
adierazgarriagoa.Atxurin hartutako trenean nengoen,Durango alderantz.
Sarrikotik berri aterata nire herrira,Arrasatera, asteburu igarotzera nindoan. Trenean
eserita, aipatutako liburua neukan zabalik eskutan, Platonen ‘Errepublika edo
Estatua’(Politeia). Nire aurrean neukan gizon bat ondo dotore jantzita eta liburuaren
azala ikusterakoan begiak dir-dir jarri
zituen.Ulertzeko esan behar da trantsizio garaia zela,1978 urte inguruan. Gizon
horrek ezin zuen jasan eta bat batean eskutik kendu zidan liburua.Zabaldu zuen
eta gainbegiratu emanda bueltatu zidan, batere hitzik esan gabe.Horrela gelditu
zen gauza.Ziur aski gerran ibilitakoa izango zen eta azaleko ‘Errepublika’
hitza erakargarriegi izango zen berarentzat eta ezin zuen liburua ikuskatu gabe
egon.
Gertatutakoak gogorarazten dit gerran galtzaileen aldean ibilitakoen bere
gerrako oroimenak isilean bere barnean eraman behar zituela.Gogorrena ez zen
bere militar kartilan, militar zerbitzuan zirenean, horrelako oharpen bat
izatea: ‘ Etxera joateko baimena izan zuen eta ez zen bueltatu kuartelera ’,
nire aitaren kasuan bezala.Latzena ez zen ere nahiz eta Errepublikaren alderdian borroka eginez gero desertoretzat jo izatea.Bortitzena zen etxean ‘isilik egon’
entzun izan beharra emazteengandik semeek
gerrari buruz galdetzen zioten bakoitzean . Bakarrik lau gauzatxo jakin nuen nik
bere borrokari buruz Amayur batailoian. Nola deitu zioten batailoiko abadeari
‘Baezpada’, zeren zerua ez dagoela esanda adarra jotzen baitzioten.Eta abadea erantzun
zien beti behin eta berriro,irmoki :’Badaezpada,badaezpada…’.
Zertxobait borroka bat kanpandorre batean izandakoari buruz (‘ han hil zen
aramaixotar gazte, oso gazte, bat…’) eta letoizko domina bati(‘hobe dirua
izango balitz…’) , gero zigor batailoian kamioi batekin gasolina eramaten
Espainian zehar.Barrez gogoratu zigun behin baino gehiagotan Extremadurako
mutil baten ateraldia.Gure aitak galdetu zion: ‘ez zara eskolara joaten,ba ? ,
eta mutikoaren erantzuna honelaxe zen :’ Txerri zaintzeko ez da eskolako
beharrik ! ’.Eta nola esaten zidan batzuetan ‘ ze gozoa zen Chivite-ko ardoa ’
Gero egun baten Venezuelan egindako txarteltxo batekin
etorri zen.Han agertzen zen Jose Antonio
Agirre lehendakaria eta zerbait
jartzen zuen Euskadiri buruz.Hori zen bere altxorra.Eta egun berezi bat gogoratzen
dut ikusi niola oso urduri,begiak dir-dir zekartzala eta eskutan aldizkari bat, ’ Abadeak, abadeak
itxialdi bat egin dute Derion ’. Horiek dira nire aitaren gerrako oroitzapen
guztiak .
Esandakoa azpimarratzeko behin bakar bakarrik nire
osaba Antton Garai hurbildu zitzaidan ,niri mutiko honi, kontatzen nola
batzuetan gauez esnatzen zela garrasiz zeharo izerdituta .Bere gudari garaian
egon zen bere batailoiarekin lurpeko babestokian Durango bonbardatzen ari ziren
bitartean.Eta honela esan zidan:’Gurekin zegoen mediku bat eta honela zioen: bizitza
osoan gogoratuko gara honetaz ’.
Baina isiltasun horrek argi baino argiago uzteko
kontatu behar dizuet hurrengoa.Egun baten gure aldameneko etxearen aldaban
agertu zen txartel bat.Guk etxeko atean idazkun izenarekin ez geneukan, baina bai gure osabak,
horregatik txartela bere atean utziko zuen.Txartelak aurrean idatzia zuen
horrela:Juan Antonio de Olabarria Manville. Zeraman helbidea horrela
zion:P.Primo Rivera 9 (Ayuntamiento) Bilbao.Eta bere atzean eskuz idatzitako hurrengoa: ‘ Sr Juan B TA Si Vd es HERMANO de Angel Uribe echebarria
Osinaga le agradeceria muchisimo que lo salude en mi nombre.Yo.’
Eta hor geratu zen dena.Etorri zenean ez zegoen inor ,
ez nire etxean ez aldamenekoan ere eta txartel hori zen bisita horren lekuko
bakarra. Denbora ilunak , isiltasun luzeak. Lagunak ziren garai latzetan ez
zuten aukera berriro ikusteko ere.Errealitateak ez du behar fantasiarik bere
gordintasuna erakusteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina