2023(e)ko urriaren 5(a), osteguna


 


Kanten ‘Judizioaren kritika’- Habermas- Sartreren porrotezko jainkoa- Jennifer A. McMahon- Ruairidh Gray 

 ‘Askatasunaren kontzeptuak ez du ezer zehazten naturaren ezagutza teorikoari dagokionez; Naturaren kontzeptuak ere ez du zerikusirik askatasunaren lege praktikoekin; eta, beraz, eremu batetik bestera zeharkatzeko  zubi bat  ezinezkoa da ’.(1)

Katolikoen artean apaiza  ez dagoenean, seroreek ematen duten komunioa. Antzeko moduan filosofoak ezkutuan dagoenean pentsalariak behartuta daude beren rolean aritzea. Era traketsean edo zuzenean, hori beste gauza da. Rortyk ezberdintzen ditu bi filosofia motak: sistematikoa eta edifikagarria(2). Lehendabizikoa tradizioan errotutako filosofia da eta bestea gizarte-elkarrizketa mantentzen saiatzen da, bide ezezagunak jorratzen. Filosofia sistematikoaz ez dugu asko entzuten azkenaldian, eta horrek filosofia edifikagarriaren alorrean aritzera behartzen gaitu. Serora honek, nik ,azkenean Kanten ‘Judizioaren kritika’ bukatu dut irakurtzen.

 

Gaur egun pentsamendua lubakian egon behar da , ze arrazoia ez da bere une egokienean, eta hori adierazteko zein hobe lehen Prusiaren ipar ekialde muturreko hiriko eta orain Errusiako mendebaldean isolatua den hiriko filosofo famatua, Immanuel Kant baino. Koenigsberg/Kaliningrad.eko hiritarrak zer esango zukeen bizirik baledi 1940 urteko Alemania buruz edo gaurko Errusiako egoerari buruz, berak,  ‘Betiereko bakerantz’( ‘Zum ewigen Frieden’)idatzi zuenak?

Autokraziak ez zuen bere lanetan lekurik izaten.  Mendebaldea hiruki politiko bitxi baten erdian dago gaur egun. Izerdiz patsetan dagoen AEBko izandako presidentea, gezurretan ari den bitartean, munduko handiko demokrazia lurrera botatzeko arriskuaz ez du inolako beldurrik erakusten. Beste muturrean bizitzarako presidente kargua daukan pertsonak, bere anaiatzat jotzen zituen  bizilagunak erasotzen eta bizitza , etxeak eta azpiegiturak aitzakiak merkekin desegiten. Azkenean, haien erdian beste batzuk bere herrialdea zeharo ixten, herrialdea oligarkia txiki baten jolastoki esklusiboa bihur dadin.

Holako egoeran hainbeste denbora itxaron egin nuen liburua irakurtzea erabaki nuen . Bere arrazoimen hutsaren eta praktikoaren kritikak eta idatzi politikoak irakurriz gero hor neukan aurrean zabaldu gabe nire zain bere ‘Judizioaren kritika’. Filosofia ezagutzeko filosofoen lana irakurri behar da, beren hitz propioekin.

Filosofiaren historialari batzuek izugarrizko lana hartzen dute kontraesanak alde batera uzteko, horrela  filosofia gauza borobila eta sinpleegia bihurtzen dute, filosofoen lana desitxuratzen. Horregatik bere filosofia ezagutu nahi banu, bere lana irakurri behar nuke. Zientzia bat  izaten jarraitu nahi badu, ezin da bere edukia filosofiako historialarien besoetan lurperatu.

Aurrez aurre aipamen txiki bat egin beharra dago. Nahiz eta liburuaren  itzulpenetan ‘espiritua’ agertzen den, hitzak Hegelekin lotura duela ematen du; ez dago  batere antzekorik. Kanten ‘espiritua’ bezala itzultzen den hitza ez da ‘Geist’,  ‘Gemüt’ baizik.

Duden hiztegiaren arabera ‘Gemüt’ ‘pertsona baten ahalmen mental eta espiritualen osotasuna’ da. Ez da Fichteren ‘nia absolutua’ hasi zenetik , gero Hegelen instantzia fantasmagoriko orokorra bihurtu zenerako ideia. Kant zen filosofo ondradua eta errealitatearen barruan mugitu zen beti. Ez zuen analisia egiteko ‘eskaleratik’ behar, eserleku xume batekin nahikoa zuen. Esan zuen moduan arrazoia eldarnio poetikotik urrun mantentzea zen bere lehendabiziko lana(3).

Pentsamenduaren mugak finkatzeko lanetan murgildu zen bizitza osoa. Liburu honetan agertzen da judizioaren ahalmena, hau da arrazoiaren eta ulermenaren arteko instantzia.  Bien arteko instantziaren existentziak Hegeleren ‘erreala dena arrazionala da’  ezeztatzen du. Zentzuz hautematen dugunen eta arrazoian lantzen dugunen artean zerbait badago, bere ezaugarri propioarekin, Hegelen ekuazio hori desorekatuko du.

Judizioaren ahalmenak bi pentsamendu mota ditu. Bata kontzeptuala, diskurtsiboa, hau da , naturaren kausalitatearen menpean. Azken hau  judizioaren ahalmen determinatzailea da.

Lege enpirikoaren arabera  naturaren batasunean oinarrituta dago. Esperientziaren posibilitatearen menpean dago bere ezagutza. Esperientziatik unibertsalera daraman norabidea bideratzen duen ahalmena da. Ulermena lege honako, natura zentzumenen objektua delako, legegilea da. Ezagutza teoriko baten balizko esperientzia batean oinarrituta sortzen dira bere kontzeptuak. Judizioa mota hau ‘oro har esperientzia posible baten legeen menpean’ dago(4)

Bestea ,konplexua, aberatsagoa, eta zaila definitzeko, judizioaren ahalmen erreflexiboa da. Edertasuna, gustua, estetika, infinitua, sublimea, askatasuna, zentzumenez kanpo dagoena haren jolastokia ematen digute. Oinarria judizioaren ahalmen espekulatiboan dago, zentzumenekin loturarik ez duen judizioan. Helburu-printzipioaren arabera mugitzen da, hau da, gure ezagutzaren ahalmena giza ulermen partikularrari egokitzeko unibertsala aurki diezaion.(5) 

‘Big Bang Theory’-n Sheldon Cooper eta Amy Farrah Fowleren amestutako helburuak ,dena argitzen duen teoria bakarrak, helburu-printzipio horren zientzia barruan duen garrantzia erakusten du modu teatralizatuan. Baina Kantek,  bere zintzotasunarekin, argi erakusten du  bakarrik asmoa dela.

Fenomenoen munduan bizitzen gara, fenomeno horren azpian edo gainean dagoena atzemanezina da zentzumenerako. Baina hori ez da aitzakia gure ezagutzaren ahalmenak zer-nolako ezaugarriak dituen azter ez dadin. Ezaugarri horiek gure ezagutza moldatzen dute eta hortik dator analisi horren garrantzia. Ez da ere aitzakia izan ezagutzaren lana ez aritzeko, zentzumenaren bidez ezagutzen duguna handi dezagun baizik, partikularra eta unibertsala egokitzeko prozesuan. Eta horrek eramaten du hurrengo ondoriora: gure adimenerako denak dute helburu bat. 

Homeroren hitz batzuek ,deituriko ‘Homeroren glosak’, esanahia ezezagunak edo aieruzkoak dauzkate. Kanten liburuan behin eta berriro agertzen da  hitz bat, eta bere esanahi zehatza zaila da ere bai  jakitea.

Nik begiratu dudan itzulpen ingelesak estruktura bereko hitz baten jartzearekin barneko arazoa berean utzi du(6). Kanten hitza da ‘Zweckmässigkeit’ eta ingelesez antzeko estruktura erabiliz , hau da ‘purposiveness’ hitzaz, itzulpen lana bukatutzat jo dute. Baina horrela erroko galdera erantzun gabe geratzen da, hau da, zer nahi zuen esan hitz  horrekin Kantek?

Hitz horrek judizioaren ahalmen erreflexiboan rola handia hartzen du. Orokorrean, hitz honek gutxienez bi zentzu dauzka. Lehendabizikoa, esanahi xumea, ‘aproposa’ da, edozein helburuetako aproposa den gauza.

Baina Kanten naturari lotzen dio horrelako  hitzak. Hor, beste zentzu bat hartzen du, hau da : helburutasuna. Naturaren helburutasuna, hain zuzen. Hori berarentzat a priori bat da. Natura berean ezin da aurkitu horrelako printzipiorik, ze naturan bakarrik nahasmena ikus dezakegu , baina gure arrazoiak berarekin, arrazoiarekin, ados jartzeko(7), natura zerbait kaosetik urrun , helburu bat izango balitz bezala ikusten dugu.

Unibertsoko kontingentziatik izaki kreatzaile goien bat  ateratzen du Kantek, unibertso ordenaturik  eta helburu printzipiotik ondorio beharrezkoa bezala. Baina hori idazki honetako aipamen txiki bat da, beste asmorik ez duena.

Judizioaren ahalmen determinatzaileak legedia bat jarraitzen du. Lege enpirikoen menpe dago, batzuk ezagunak, beste batzuk ezagutzeke. Naturazko kausalitatearen azpian dago. Bere ezagutza balizko esperientzia batean oinarrituta dago.

Judizioaren ahalmen erreflexiboa,ordea, estua eta mugatua den judizioaren ahalmen determinatzailearen eremutik kanpo ibiltzen da. Nahiz eta beti gehiegikeriaz ihes egiteko arrazoiak epaiaren rola jokatzen duen. Judizioaren ahalmen erreflexiboa  askatasunaren legean oinarrituta dago. Pertsona baten ahalmen mental eta espiritualen osotasun bat inguru antolatu baten barruan sentitzen da eta helburu batera zuzendua dagoen unibertso baten barruan aurkitzen zaio.

Judizio ahalmen erreflexiboaren tresna garrantzitsuena  analogia da. Eta tresna xume horrekin bete behar du bere lana. Ez da ahaztu behar arrazoia hor dagoela  beti gehiegikeriaz aldentzeko.

Enpirismoaren bidez ezagutzen dugunak mugatua dela kontuan harturik, judizioaren ahalmen erreflexiboak mugatasun horretatik ateratzen laguntzen gaitu. Lan izugarria baina beharrezkoa da. Judizioak badu lan bikoitza, alde batetik  mugak zein diren zehaztu eta bestetik mugaz haratago, hau da zentzumenez kanpo, ibiltzea. 

Nota moduzko beste aipamen txiki bat. Askatasun horretan bere lege moralaren kontzientzia dauka. Bere inperatibo kategorikoa horretan datza, kondiziorik gabeko lege horretan. Legea jarraitzen duen edozein arrazoiagatik , hau da, premia larriagatik, justua zen itxuragatik, zigorraren beldurragatik, eta abarrik, ez du inperatibo kategorikoa  betetzen.

Kanten lan honetan agertzen diren ideien  artean, batek azterketa sakon berezia mereziko luke. Bere begirada bikoitz horretan, adimenari begira eta aldi berean gizarte aldera begiratuz, horrela dio: ‘ izaki moral gisa bakarrik gizakia sorkuntzaren helbururen bat izan dela ’.(8) Nolakoa izan behar da gizaki moral hori? Ez dugu ikusten  ‘moral’ horren zantzu handirik munduan gobernatzaileen artean. Ikusita nola gestionatzen duten ‘sorkuntza’ gizaki moralatik oso urrun gaude. Bat-batean , gaur egun, izaki morala horren beharrean aurkitzen gara.

Liburua alde batera utzi baino lehen aipatzekoa da saihestezina Kanten filosofiari buruzko  kritika zorrotzena. Zentzumenari lotutako judizio determinatzailea eta zentzumenez kanpoko  judizio erreflexiboaren artean zeharka ezina den muga izanik, beste bideak aztertzeko beharrean aurkitzen zitzaion post-Kanteko filosofia. Egoera hori aditzeko Felix Gotthelf -en hitzak erabiliko ditugu. ‘Kantek ziurrenik jakintza suntsitu zezakeen, baina goi mailako ezagutzan oinarritutako sinesmena eraiki, ezin zuen egin’, idatzi zuen.(9)

Gaurko ikuspuntutik, muga hori zeharkatzeko erreflexioa izan behar luke indarra. Erreflexio hori testuinguru historiko eta teknologiko batean gertatzen da. Horri gehituko nizkioke interesatua ez izatea eta egiaren ez estaltzeko konpromezua izatea. Hori dena  beharrezkoa da  erreflexio zuzena izateko. 

Kantek lan  hau publikatu zuenetik ehun eta berrogeita hamalau urte geroago erreflexioa beste moduan azaltzen da Habermas-en lanean(‘Ezagutza eta Interesa’ liburuan). Hegelen ‘Fenomenologia’-tik hartutako ideiari jarraipena emanez erreflexioari lotzen dio botere emantzipatzailea. Auto-erreflexioan ezagutza ezagutzagatik emantzipazio interesarekin bat dator. (10)

Horrela dio: ‘Hausnarketaren esperientziak une bakan horiek gordetzen ditu subjektuak nolabait bere burua sorbaldaren gainetik begira ikusten duen eta, bere bizkarrean, subjektuaren eta objektuaren arteko harreman transzendentala nola aldatzen ari den hautematen du; giza espeziearen historiako emantzipazioaren faseak gogoratzen ditu’(11). Erreflexioaren garrantzia azpimarratzeko bere faltak zer ekar lezake haien abisua eman digu liburuaren hasieran. Han  positibismoaren gabeziaz ohartarazten digu: ‘Erreflexioa ukatzen dugula, hori da Positibismoa’.(12)

Beste albo-ohar bat. Auto-kontzientzian, Kantentzat, ni ‘nik pentsetan dut’-enekin doaz  irudikapen guztiak bezala  emana naiz’, ziurtasunez(13). Hegelentzako, ordea, auto-kontzientziaren motorra ‘aitortza lortzeko borroka’ da(14). Hori bere  jaun-morroi  erlazioan irudikatzen du. Orduan, besteen ‘begiaren’ bitartez lortzen dugu gure auto-kontzientzia. Baina horrek bere bereko atala mereziko luke.

Historiaren bidai labur honetan jarraituz, Sartreren esaldi bitxi bat ulertzeko Kantengana jo dezakegu. ’Dena gertatzen da pertsona porrotezko jainkoa izatera ailegatuko balitz bezala’, dio Sartrek(15). Eta horren azalpena Kanten liburu honetan aurki dezakegu.

Zer hobe, filosofo baten esaldiak beste aurreko batean oinarritzea baino ? Alde batetik naturak ez gaitu gu izaki berezi bat bezala hartzen(16) Naturak bere haserrea erakusten duenean ez du gurekiko errukitasun berezirik erakusten. Bestaldetik, fenomeno baten munduan harrapatuta gaude, eta zentzumenez  kanpoko eremuan mugitzeko baliabideak eskasak ditugu. Erdian gaude, urrutiko zeru eta hautemanezin azpi-munduko nekaezinean ikusi saiatzen bekoki ilunez. Porrotezko jainkoak garela ez du ematen metafora txarra denik.

Bukatzeko, hiru aipamen Kanten testutik kanpo. Abuztuaren 8an nire mugikorrean heriotza-ohar bat eskegi zidaten, Jennifer A. McMahon filosofoa hil zela esanez .Aspasia Miletokoa, Klea, Thekla, Sosipatra, Makrina gaztea eta Hipatia Alexandriakoaren leinukoa da. Tamalez bere lanetik ez dut ezer irakurri, baina ondo etor zekidakeen, ze Jennifer A. McMahon Kanten aditua zen. Badaude oraindik emakume eta gizon filosofoak munduan, nahiz eta komunikabide sozialetan ez diren agertzen. Gurean bego betiko! Eta agerian!

Ekainaren 20an,2023 Glasgowko pub batean izugarrizko ekitaldia ikusi  nuen. Ruairidh Gray  zegoen nire aurrean abesten. Bere abots zoragarriaz ‘Black Velvet Band’ (‘Belusezko banda beltza)abestia ari zen kantatzen, bere musuzapi handi horiaz ezpainak noizbehinka sikatzen ari zen bitartean. Zoragarria! Horrelako gertaerak gutxitan gertatzen dira bizitzan.

Baina gero abesti horren letran erreparatu nuen. Dendari ikastun batek belusezko banda beltza bat zeraman neska polit bat ezagutu zuen. Egun batean neskak gizon baten poltsikotik urrezko erloju bat hartu zuen eta dendari ikastunen eskuetan utzi zuen. Horren ondorioz epaien aurrera eraman zuten dendari ikastuna eta epaileak 7 urteko zigorra jarri zion mutilari, zeharo aparteko leku batean. Abestiz edo Paradisuren narrazioaz jantzita, belusezko banda beltzaren neska edo Eva, emakumeak gizonaren galmenaren mito gezurti traketsa agertzen da behin eta berriro gure kulturan. Eskozian Adam Smithen estatua errespeta zedin esklabismoaren alde izatearen akusazioen kontra defendatzen ari ziren bitartean, tabernetan mezu okerrak dibertigarriak izango balira ibiltzen dira abesten egunero. 

Azkenik, goian aipatutako Kanten liburuaren asmoren artean estetika den probestuz, desio bat adierazi nahi nuke. Nahiz eta estetikaz ez dut ezer esan lan honetan, ze nik ezintasuna daukat horretarako. 

Lan hau   Martin van Meytens-en ‘Maria Teresa Austriakoa eta Frantzisko I.a Estebaneko familia 1756an’ gertatzen den bezala gerta ez dadila espero dut. Margolan horretan seme-alabaren gorputz batzuk mugimen eskortzoarekin margotuta izanik, beren aurpegiak ,ordea, aurrez aurre margotuta daude, aparteko medailoiak aurpegirako utzitako zuloan sartuta izango balira bezala.

(1) ‘Der Freiheitsbegriff bestimmt nichts in Ansehung der theoretischen Erkenntnis der Natur; der Naturbegriff ebensowohl nichts in Ansehung der praktischen Gesetze der Freiheit; und es ist insofern nicht möglich, eine Brücke von einem Gebiete zu dem anderen hinüberzuschlagen’. Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.33 orr

(2) ‘Korronte nagusiaren barruan dauden filosofoak "sistematikoak" deituko ditut, eta periferikoak, nik deituko ditut "edifikatzaileak" . Filosofo periferiko, pragmatiko, hauek eszeptikoak dira nagusiki filosofia sistematikoarekiko, konparagarritasun unibertsalaren proiektu osoarekin’(The mainstream philosophers are the philosophers I shall call "systematic," and the peripheral ones are those I shall call "edifying." These peripheral, pragmatic philosophers are skeptical primarily about systematic philosophy, about the whole project of universal commensuration) Rorty, R. (1979). Philosophy and the Mirror of Nature. Princeton: Princeton University Press. 367-368 Orr.

(3) ‘non galtzen garen azalpen-modu honekin asaldatutasunean, non naturaren ezagutzak jarraitu ezin gaituen, non arrazoimenak poetikoki hunkitzeko tentazioa duen, eta hori da hain zuzen ere bere helbururik garrantzitsuena saihestea’( wo wir uns mit dieser Erklärungsart ins Überschwengliche verlieren, wohin uns die Naturerkenntnis nicht folgen kann, die Vernunft dichterisch zu schwärmen verleitet wird, welches zu verhüten eben ihre vorzüglichste Bestimmung ist). Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.277 orr

(4) ‘judizioa ahalmen determinatzailearen baldintza unibertsalen arabera egin baitzuen, oro har esperientzia posible baten legeen menpean’ (weil er dieses Urteil, nach den allgemeinen Bedingungen der bestimmenden Urteilskraft ,unter den Gesetzen einer möglichen Erfahrung überhaupt gefället hat). Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.28 orr.

(5) ‘Oro har judizioa partikularra unibertsalaren barruan bururatzeko ahalmena da... Baina partikularra bakarrik ematen bada, eta Judizioak bertan aurkitu behar badu orokorra, esandako Judizioa soilik da erreflexiboa’(Urteilskraft überhaupt ist das Vermögen, das Besondere als enthalten unter dem Allgemeinen zu denken…. Ist aber nur das Besondere gegeben, wozu sie das Allgemeine finden soll, so ist die Urteilskraft bloß reflektierend). Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.15 orr.

(6)Werner S. Pluharrek egin zuen Itzulpen honetaz ari naiz: Kant, I. (1987). Critique of Judgment. Indianapolis /Cambridge: Hackett Publishing Company

(7) ‘antinomiek gure borondatearen aurka behartzen gaituztela zentzumenenetik haratago begiratzera zentzumenez kanpoko eremuan gure apriorizko ahalmen guztiak elkartzen diren puntu bilatzeko: ez baitago beste irteerarik arrazoia bere buruarekin bat egiteko’.(die Antinomien wider Willen nötigen,über das Sinnliche hinaus zu sehen, und im Übersinnlichen den Vereinigungspunkt aller unserer Vermögen a priori zu suchen; weil kein anderer Ausweg übrigbleibt, die Vernunft mit sich selbst einstimmig zu machen. Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.200 orr.

(8) ’Hau ere guztiz bat dator giza arrazoimen osasuntsuaren judizio arruntenarekin: hots, izaki moral gisa bakarrik gizakia sorkuntzaren helbururen bat izan dela’.(Auch stimmt damit das gemeinste Urteil der gesunden Menschenvernunft vollkommen zusammen: nämlich daß der Mensch nur als moralisches Wesen ein Endzweck der Schöpfung sein könne) Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.306orr.

(9) ‘Kant konnte wohl das Wissen zerstören, aber den Glauben auf dem Fundament eines höheren Wissens aufzubauen, das vermochte er nicht’. Felix Gotthelf . (1914). Über indische und deutsche Philosophie. Mainz. Jahrbuch der Schopenhauer-Gesellschaft 1914  https://www.philosophie.fb05.uni-mainz.de/ fs_ schopenhauer_ jahrbuecher/ #Jahrbuch_der_Schopenhauer-Gesellschaft_1914

(10) ‘Bestela, Hegelek Fenomenologian garatu zuen hausnarketa-esperientziatik ihes egin ahal izango ez zuten…Auto-erreflexioan, ezagutza ezagutzaren mesedetan bat dator emantzipazioarekiko interesarekin; erreflexioa gauzatzeak emantzipazio mugimendu gisa bezala ezagutzen duela’(Sonst hätten sie sich jener Erfahrung der Reflexion nicht entziehen können, die Hegel einst in der Phänomenologie entfaltet hat….In der Selbstreflexion gelangt eine Erkenntnis um der Erekanntnis willen mit dem Interesse an Mündigkeit zur Deckung;den der Vollzug der Reflexion weiβ sich als Bewegung der Emanzipation). Habermas,J. (1973). Erkenntnis und Interesse. Frankfurt am Mein:Suhrkamp.243,244 orr.

(11) ‘Die Erfahrung der Reflexion hält jene ausgezeichneten Momente fest, in denen das Subjekt sich gleichsam über die eigene Schulter sieht und wahrnimmt, wie sich hinter seinem Rücken das transzendentale Verhältnis zwischen Subjekt und Objekt verschiebt;sie erinnert die Emanzipationsschwellen der Gattungsgeschichte’ Habermas,J. (1973). Erkenntnis und Interesse. Frankfurt am Mein:Suhrkamp.31 orr.

(12) ‘Daβ wir Reflexion verleugnen, ist der Positivismus’ Habermas,J. (1973). Erkenntnis und Interesse. Frankfurt am Mein:Suhrkamp.9 orr.

(13) ‘Kantek judizioaren  eraketari buruz ez zuen dudarik; ez baitzion ezer ziurrago iruditzen auto-kontzientzia baino,  non ni ‘nik pentsetan dut’-enekin doaz  irudikapen guztiak bezala  emana naiz’ (‘Über das Zustandekommen des Gerichtes machte Kant sich keine Gedanken;denn nichts schien ihm gewisser zu sein als das Selbstbewuβtsein , in dem Ich mir als das alle meine Vorstellungen begleitende’Ich denke’gegeben bin’) Habermas,J. (1973). Erkenntnis und Interesse. Frankfurt am Mein:Suhrkamp.25 orr.

(14) ‘Bakoitza bestearen baliabidea da, zeinaren bidez bakoitzak bere buruarekin bitartekari eta elkartzen duen, eta izaki bakoitza beretzat eta bestearentzat  berehalako esentzia berarentzat den, eta, aldi berean, bitartekaritza honen bidez bakarrik dela. Elkarri aitortzen diote elkarri’(‘Jedes ist dem andern die Mitte, durch welche jedes sich mit sich selbst vermittelt und zusammenschliesst, und jedes sich und dem Andern unmittelbares fuer sich seiendes Wesen, welches zugleich nur durch diese Vermittlung so für sich ist. Sie anerkennen sich als gegenseitig sich anerkennend. Hegel, G.W.F. (1988). Phänomenologie des Geistes. Hamburg: Felix Meiner,129 orr.

(15) Dena gertatzen da mundua, pertsona,eta pertsona-mundu-barruan sasi jainkoa izatera  bakarrik irits daitezkeen bezala. (Tout  se  passe comme si le monde, l'homme et  l'homme-dans-le-monde n'arrivaient à réaliser qu'un Dieu manqué.)( Sartre, J.P. (1943). L’être et le néant. Paris: Editions Gallimard . 671 orr. )

(16) ‘Eta horrek gizakiarentzat ere balio du. Izan ere, hondamendi natural horien arrastoen azterketa zorrotzak (Camperren iritziz)frogatzen badirudi ere gizakia iraultza haietan sartuta ez zegoela,  hala ere lurreko beste izakiekiko hain menpekoa da, non naturaren mekanismo  batek besteen gobernatzen duela onartzen bada , gizakia ere haren menpekotzat hartu behar da, nahiz eta bere adimenak gai izan (gehienetan, bederen) hondamen haietatik salbatzeko’.( Wenngleich der Mensch, wie die genaueste Prüfung der Überreste jener Naturverwüstungen (nach Campers Urteile) zu beweisen scheint, in diesen Revolutionen nicht mit begriffen war; so ist er doch von den übrigen Erdgeschöpfen so abhängig, daß wenn ein über die anderen allgemeinwaltender Mechanism der Natur eingeräumt wird, er als darunter mit begriffen angesehen werden muß: wenn ihn gleich sein Verstand (großenteils wenigstens) unter ihren Verwüstungen hat retten können.. Kant, I. (1922). Kritik der Urteilskraft. Leipzig: Felix Meiner.297 orr.

 

 

 

6 iruzkin:

  1. Aurrera, Joseba, hausnarketa prozesuarekin, kritikoak izan gaitezkeen.

    ErantzunEzabatu
  2. Pedro Moso:
    Zentzutsuagoa izango banintz zure artikulua gutxienez bizpahiru aldiz berriro irakurri beharko nuke baina martxa honetan ez dizut inoiz erantzungo, beraz, lanari ekingo diot
    Ukrainako gerra gutxi balitz bezala, Ekialde Hurbileko azken gertakari ikaragarriek Kanten betiereko bakerako eta Hegelen Historiaren amaierako zerumugatik urruntzen dute berriro.
    Errealitate egoskorra idealistei temati aurka egiten die.
    Bide batez, gertaera hauek ez dira ilegorri izerditsuaren presidentetzan gertatzen, ‘sleepy Joe’ garaian baizik. Kasualitatea izan al daiteke?
    Dena ulertu ezin dudala ziur nagoen arren, gustatzen zaizkit zuk egindako iruzkinak Kanten judizio mota ezberdinei buruz, Kanten eta Hegelen izpirituaren ideiaren arteko ezberdintasunari buruzkoak, asmo eta helburu ideien arteko buruzkoak...
    Hitzen esanahiarekiko eta itzulpenaren zehaztasunarekiko duzun interesa ere oso estimagarria da. Filosofia eta filologia herri batekoak dira
    Azkenik, oroitarazten dizut guztiaren teoria ez zutela asmatu Bing Bang Theory-ko gidoilariek.
    Aldiz, hitz egiten duzun abestiari buruz, agerikoa iruditzen zait abestiak, zinema, literatura eta artea, oro har, istorioz beteta daudela, non gizon-emakumeak oso ongi tratatzen eta erretratatzen ez diren.
    Woke puritanismoak, hain modan dagoenak, ez du txotxongilorik buruekin utziko. 'Emakumetxoak' bakarrik geratuko zaigu eta ziur nago liburu horri ere akatsak aurkituko dizkiotela.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. 'Big Bank Theory'-ren pasarte batean Sheldon-ek (fisikariak) eta Amy Farrah Fowlerrek (neurobiologoak) zein zientzia bihurtuko den guztiaren zientziari buruz eztabaidatzen dute: neurobiologia ala fisika. Amyk neurobiologiaren nagusitasuna aldarrikatzen du esanez’Babinskik Dirac jaten duela gosaltzeko eta Clark Maxwell gorputzetik kanporatzen duela’. Uste dut teoria bakarraren bilaketa horren teatralizazioa eta serie honekiko nire mirespena ezin direla hobeto adierazi.
      'Woke Puritanism' zer den eta 'Sleepy Joe' nor den jakiteko Google behar izan nuen. Baina argi daukat emakumea gizonengan gaizkiaren jatorria den ideia erlijiotik eta pentsamendu arrazional guztietatik kanporatu behar duela

      Ezabatu
  3. Fernando Uria:
    jarraitu gauzak igotzen
    Beti da ona hausnarketarako espazioak bilatzea

    ErantzunEzabatu
  4. Manu Ceballos:
    Kontua da oso-osorik ulertzen/konprenitzen/asimilatzen ez dudan arren, ezin dudala amaierara arte irakurtzeari utzi.

    ErantzunEzabatu