Zelako eskapada ederrak
Santamasa egunean
‘Inozente, inozente, txakurraren
buztana tente’. Zenbat aldiz ez nuen holakorik entzun?-esan zuen marmarka Peruk. Baina zaila egiten zitzaion
besteak gezurretan zebiltzanean benetan ez zela konturatzea. Ez zen inoiz
bigarren zentzua gauzetan harrapatzeko gai. Argi zeukan, bi zentzuak izanez
gero, zergatik ez hiru, lau, bost edota gehiago? Horrela atera ezinezko
labirintoan harrapatuta sentituko litzateke.
Gutxienez bera ez zen bere
etxeko kaiolako txoria bezain inozoa . Txoritxo hori ur txorrota zabaltzerakoan
hasten zen txilioka. Txorrotaren zarata beste txori baten kantua zela iruditzen
zitzaion eta harraskaren iturria itxi arte han kantuka geldirik gabe ibiltzen
zen.
Hala ere, ez zitzaion arraroa
iruditu ,Kubako iraultzaren garaian, Kubatik bueltatutako abade batek handitik
ateratako diruekin tailer bat Gazteluondo inguruan jaso zuela.
’Tripitas’ ezizenez herrian
ezagututako abadeak ez zuen Castroren kontsigna jarraitu(‘aukera ezazu: Espainiara
dantzatzera ala Kuban kaina moztera’ ) eta lana ez-espirituala ere egitera
etorri zen. Baina Peruk gertakari hori zetorren bezala hartua zuen. Esanda
zegoen zure bekokiko izerdiaz ogia lortuko duzula. Ez zegoen beste edozer
pentsatzeko horretaz.
Horrelako gogoetak zeramatzan
etxean urte batzuk geroago lasai leihotik kalean begira. Baina egun hartan
asmatu izan balu…
Anjelek lantokian, Union
Cerrajeran, kontatuko istorioak ez zituen entzungo. Bere egur koloreko balbula-irratian
BBC, La Pirenaica eta Radio Paris entzuten zituen. Ez zegoen beste informazio
iturririk diktaduraren garaian. Behin hasi zen entzuten La Pirenaica eta zeharo
harrituta entzun zuen abesti bat esanez :’Christus vincit, Christus regnat, Christus,Christus
imperat’.
’Zelako aldaketa izan dute
komunistek’-atera zitzaion barru-barrutik txundituta. Gero konturatu zen Vaticano Irratia sartua
zen La Pirenaica entzuten zuen sintonian, ez zegoen beste aldaketa politikorik.
Beste egunean Radio
Parisen beste kubatar batek, Guillermo Cabrera Infante zela uste zuen,
`Latinoamerica’-ri buruz hitz egin zuen. Dena politika zentzu estuan ez zen
irratian, beste zentzu zabalagoan ere bazegoen . ‘Politikaz gehiegi hitz egitea
gauza aspergarria bihur daiteke’-bere burura esan zion Peruk. ‘Latinoamerica’
frantseskeria besterik ez zela esaten zuen.
Hispanoamerica izan behar
zuen bere izen egokia. Ze frantsesek ez zuten gauza handirik egin Hego
Amerikan, eta izen horrekin, ke-laino horrekin, parte hartze eza ezkutatu
nahian zebiltzan.
Ez zuen ere ezagutuko
Arrasateko Uribe-etxebarriaren ‘oinordeko sukarra’. Antza denez, Uribe-etxebarria
oso aberats bat hil zen Kuban
oinordekorik gabe . Oinordetza erreklamatzeko hasi ziren denak jaiotza-agiriak
bilatzen, erakusteko beren senidetasuna hildakoarekin.
Han zebiltzan asko puru
galantak erretzen eta pozez zoratzen. Baina azkenean jakin zuten Larrinoko
eliza su hartua zuela noizbait iraganaldian, eta beharrezko jaiotza-agiri
guztiek erre hartua zuten. Kea bezala desagertu zen itxaropena. Zelako pena!
Baina egun hartan asmatu izan balu…
Ez zuen ere entzungo
gaueko zartakoa ‘Bengoa’ tabernan. Herri guztiak zekien ‘Radio Paris’ altuegi
jartzea izan zela bonba horren arrazoia. Informazio fidagarrien nahia garesti
pagatu zuten Bengoa tabernakoek. Eskerrak tabernan ez zegoenik inor gauerdi
hartan.
Hector J. Campora Argentinako
presidente peronistaren Madrilera bisitaldia egin zuela probestuz, ez zuen ere
hurrengoa ikusiko. Jesus Mari Garai eta bere koadrilakoak, gehienak Euskadiko
Mugimendu Komunistaren partaideak, Tio
Tom tabernan sartzen garrasika esanez: ‘Aqui
estan , estos son, los muchachos de Peron. Franco kanpora!(Hemen daude,hauxe
dira,Peronen mutilak).
Anjelek ere kontatu zion
beste etxeko bitxikeria. Behin bizarra kentzeko jaboia agortu zitzaion. Oso
haserre zegoenez esan zuen: ‘ez daukat ezer. Jabon del obispo!’, bizar-aitzurra
lurrera botatzen. Joseba semea trantze
larri hori ikusiz abiatu zen korrika ,birritan pentsatu gabe, goiko pisura.
Hantxe bere izeba Salbadorak zabaldu zuen atea.
Semeak galdetu zion:’ ez
duzu edukiko ‘jamon del obispo?'. Izebak harrituta erantzun zion: ‘Urdaiazpikoa?’. Semeak zioen
irmo: ‘Ez, ez ,jamon del obispo’. Hantxe bere osaba Felix Otaduy eta bere lehengusina
Pilar laguntza emateko prest etorri ziren atera. Denak zer nahi zuen semeak
asmatu nahian eta semea bere aldetik zebilen galdetzen bere buruari: ‘Baina,
baina… nola gauza hain sinplea zer den ez dakiten’.
Azkenean Anjelek entzun
zuen zarata eta igo zen hizketaldi aldrebestu hori buka zedin. Baina egun
hartan asmatu izan balu…
Santamasa egun hartan han
zebilen Peru Union Cerrajera-n bere lantokian. Kinki-kanka! Kinki-kanka! Egurrezko
kutxak iltzatzen zegoenean azaldu zen Anton, ardo zahatoari bat edo beste ikutu
egin eta gero.
‘Peru, zuk ez zenuen erosi
Gabonetako loteria?’-galdetu zion begirada zorrotz batekin.
’Bai, Monte tabernakoa daukat’-erantzun zion
Peruk arreta handirik egin gabe .
’ Baina, baina…zer egiten
duzu hemen? Ez dakizu hantxe bertan sari potoloa tokatu dela? Zeren zain zaude?’-erantzun zion Antonek harridurazko-plantak egiten.
Hasieran sinesgaitza
iruditu zitzaidan, baina bat-batean bere aurrean hasi ziren saltoka bisigua,
bakailaoa, legatza, ardoa, pattarra, intxaur-saltsa, konpota, kapoia, Gabonetako
ondo hornitutako mahai baten gainean.
Zorioneko mozkorraldi bat
sentitu zuen. Ez zen amets handiko pertsona , bakarrik Gabonetako mahai oparo
batekin pozaz zoratzen jartzeko modukoa zen.
’Benetan?’-bakarrik
ahoskatzea lortu zuen.
’ Bai, motel, zoaz derrepente!’-
erantzun zion Antonek, ahal zueneko seriotasuna itxuratzen.
Peru altxatu zen eta
kalera atera zen. Ez zekien zergatik, baina atera baino lehen giltza ingeles
handia poltsikoratu zuen bere lan-jantzian. Bere hanka luzeekin laster ailegatu
zen Monte tabernara. Han zegoen Joxe Etxagibel altua eta zabala burua baino
askoz handiagoa zuen txapela
handiagoarekin.
’ Zer zabiltza hain goiz,
Peru? Ez zenuen lan egin beharrik, ala?’-esan zion Joxek txundituta.
’ Nola lana, jana edota
hartu-emana ! Ez da hemen loteria egokitu, ala?’-erantzun zion haserre samar
Peruk.
‘Ez, ba. Beti bezala,
Madrildar batzuei egokitu zaie, Peru. Zer uste zenuen, ba? Batzuetan
horretarako pentsatuta dagoela iruditzen zait’-esan zuen zeharo harrituta
Joxek.
‘Baina, baina…’-hasi zen
esaten Peru, beste edozer ahoskatu ezinik.
‘Non entzun duzu holako
astakeriarik?’-esan zion bekokia zimurtzen jakin-gurazko keinuarekin Josek.
‘Astakeria’ hitza entzunda
zerbait egin zuen kraska Peruren buruan. Zulo ilun batean desagertu ziren bere
asmo on guztiak. Beren ordez asmo ilun batek bere burua azpiratu zuen. Akabatu
egingo zuen txantxalari kabroi hori!
Han geratu zen Joxe
Etxagibel bere buruari esaten:’ Ni
Argentinan, esnetegi batean behi errapetik zintzilika egun osoan egon
behar izan nuen. Lan horrekin zeharo aspertuta nengoenagatik bueltatu nintzen
etxera. Peru hau ni bezala Argentinan egon balitz handik hona bueltatzerakoan
nonbait itsaso erdian geldituko litzateke irla batean galduta.
Bera galduta eta baita ere
irla galdu batean, mapetan agertzen ez den motako irla batean. Bere bila
norbait joan beharko litzateke bera etxeratzeko, koitadu!’
Union Cerrajera aldera
abiatu zen Peru. Bere buruan Anton hiltzeko asmoa, ez zuen besterik. Zerbaitek barru-barrutik mendekua eskatzen
zuen. Gainera ez edozein mendeku, baizik eta bere lotsa eta amorru guztia desagertuko
zuena. Beste aukerarik planteaezina zen. Inozentea bai, baina edozein tontoren tresna
izan txantxaren gogoa asetzeko, ez,
inola ere ez. Gaur bertan behin betikoz holako sanbenitoa kendu behar zuen
gainetik. Bazekien Anton lantegiko bozina jo baino bost minutu lehenago atera
zela beti eta bakar-bakarrik.
Antonen etxerako bidearen
lehendabiziko izkinaren atzetik ezkutatu zen isil-isilik. Giltza ingelesa hartu
zuen eskuineko eskuarekin eta erlojuari begirada bat bota zion. ‘Oraintxe
azalduko da’-esan zion bere buruari. Oso ziur sentitzen zen. Argi zeukan nola
jo behar zion, zuzen burura.
Antonen hankek harlauen
kontra ateratzen zuten soinuagatik bazekien han etortzen zela, bere
arduragabeko ibilkerarekin. Txistuka zetorren.’ Hemen dator santu itxurako
deabru hau, baina gaur egin du bere azken barrabaskeria’-pentsatu zuen giltza
ingelesa bere buruaren gainetik goraino jasotzerakoan. Kiski-kaska, kiski-kaska,
Anton hurbiltzen ari zen presaka .
Gorputza agertu zenean eta
buruan kolpe ematera zihoanean Peruk nabaritu zuen zerbait bere eskuineko eskutik
indarrez heltzen. Anton ikusiz ze trantze larritan zegoen instintiboki jauzi
erraldoi bat eman zuen aurrerantz. Peru bere eskuineko eskua libre sentitu zenean bota zuen
kolpea.
Berandu zen, ordurako
Anton hamar metroko distantziara zegoen. Arineketan joaten ari zen bere etxerantz.
Antonen gorputzak hankak besterik ez zeuzkan une hartan. Antonek bere buruari
esaten zion: ‘zelako eskapada, ia-ia akabo niretzat tabernaraino bidai
guztiak’. Atzean geratu zen Peru. Peruk begirada bat bota zuen eta bere atzean
ez zegoen inor. ‘Nork edo zerk heldu du nire eskua?’-pentsatu zuen bere
harriduratik atera ezinean. Belaunikatu zen lurrean eta hasi zen esaten: ’zer
egitera nindoan? Ozta-ozta Iruñako kartzelara bizitzarako egotetik libratu
naiz. Zelako eskapada ! Txantalari horrengatik bizitza osoa galtzeko punturaino
ia joan naiz.
Ez dakit zerk heldu duen
nire besoa. Baina, mila esker zera horri’. Peruren begirada lausotzen ari zen,
pare bat malko zeukan begietan. Altxatu zen, hautsa kendu zuen lan-prakatik eta etxerantz abiatu zen bazkaltzera.
‘Gaur porrusalda daukat
jateko. Eta basoerdi ardo beltza. Ze goxoa! Bizitzak darrai !’’-murmurikatu
zuen.
…
Argi gera dadila kontatutakoa
egia dela.
Joxe Etxagibelen parte
hartzea txantxaren historian eta inozente eta txantxalarien izenak dira asmazio
bakarrak. Derrigorrezkoa izan da, ze beraien benetako izenak ez dakizkit eta.
Bestea bene-benetazkoa da
eta gainera idazle honek nahiko zukeen gertakari batzuetan ez hain erdian egon izana
Mila esker nire koinata Juan
Mari Murua Tio Tom tabernaren izena gogoratzeagatik.
Pedro Moso:
ErantzunEzabatuEz dakit nork esan zuen errealitatea material literario bezain aberatsa zela, idazleek ez zutela ezer asmatu beharrik.Noski, gero bakoitzak bere erara lantzen du lehengai horrekin.
Marga Garcia-Enguix:
ErantzunEzabatuAurrera Joseba!!! Bestela galduko liratekeen familiaren istorio eta pasadizoak biltzen ari zara.
Juan Fernandez-Nespral:
ErantzunEzabatuOraintxe bertan Peruren istorioa gozatu dut (Editorearen fikziozko izena, itxuraz) Jarraitu ezazu, istorio tradizional hauek asko estimatzen baitira.
Josemari Velez de Mendizabal:
ErantzunEzabatuOso polita. Eta hurbila. Zorionak. Halakoak dira behar ditugun kontakizunak. Freskoak.
Narciso Vaca Pedrero:
ErantzunEzabatuIstorio ederrak! Niri norabide hau gustatzen zait. Naturalak dira eta irakurtzean iguripena sortzen dute.