2026(e)ko apirilaren 19(a), igandea

 


Idazle euskaldun arrunt baten gogoetak(1)

Lehenik eta behin ohore handi bat izan da niretzat Iparraldeko editore baten eskutik nire liburua publikatzea.

Feriaz feria ibiltzen diren editoreak, antzinako Grezian rapsodak bezala, eten gabe gure euskal kultura hedatzen ari dira. Hori gauza benetan zoragarria eta baliagarria da gure kulturak iraun dezan.

Ez erantzutea edo ‘estilo nahasia’ edo ‘daraman ildotik kanpo’ erantzun mota hain hedatua izanik, ospatzekoa da baietza jasotzea argitaletxeen partetik. Eta bitartean idazleak jakin ezinean zer egin bere lanarekin. Bakarrik bere baitan daraman idazle indarrari jarraitzen. Spinozak esango zuen moduan bere  ‘conatus’  eusten, edo bere ‘élan vital’ mantenduz, Bergsonen hitzetan edo Mogelek idatzi zuen bezala: 'bakoitza bere zoroak bizi du'.

Nahiz eta, egia esanez, publikatzea ez da izan inoiz erraza. Bi adibide aipagarri hau argitzeko. Proustek bere lehen lanaren argitalpena bere poltsikotik finantzatu zuen eta Joycek bere arazo guztiak kontatu behar izan zizkion Parisen liburu-denda baten jabea zen emakume estatubatuar bati Ulises argitaratu ahal izateko.

Idazleek eurek ere ez dakite beren liburua klasikoen kategorian sartuko den ala ez. Goethe edo García Márquezez gain, beste idazle klasiko batzuen hilobietara joan eta esan beharko genieke: Zoriontsu izan, idazle, zure lana klasiko bihurtu da!

Nahiz eta ziurrenik Shakespeareren epitafioa erantzun gisa jasoko genukeen:’ Bedeinkatua harri hauek errespetatzen dituen gizona, eta madarikatua nire hezurrak mugitzen dituena’.

Gaur egun klasiko diren liburu batzuk garai hartan ezaugarri desberdinengatik ezagutuak ziren. Don Kixote umorezko liburua izan zen bere garaikideentzat. Gaur egun umore horren bakarrik arrasto bakarra ikusten da, nik dakidanez. On Kixotek Santxo Dultzinearen etxera bidaltzen du gutun batekin, berarenganako maitasunez erotu dela esanez. Zin egin ahal izateko, Santxok erotuta zegoela frogatzeko eskatu zuen. Kixotek, gau-jantzi bat bakarrik soinean zuela, salto pare bat egin zituen, azpikoak agerian utziz. Eta Santxo Dultzinearen aldera abiatu zen, jakinda Kixote erotuta zegoela eta zalantzarik gabe hori zin egin zezakeela.

Joannes Klaberiak XVII. mendean  idatzi zuen:

‘Burlatzen naiz Garibaiez

Bai halaber Etxabez,

Zenak mintzatu baitire

Erdaraz eskaldunez’.

Ez da erraza inperioaren xarmari aurre egitea. Oraindik gure artean irauten du euskal literatura baztertzeko joera. Boterean daudenek ez dute ikusten beharrik euskal literatura berpizteko; komeni zaie bazter batean uztea, antza. Baina, euskal literatura atzean uzten duten bitartean, beste hizkuntzetako literatura sustatzeko lan egiten dute. Inperioa, lehen espainiarra edo frantsesa, orain iparramerikarra, olatu erraldoi baten antzekoa da eta horren aurrean zerbait behar dugu, hitz onen gainetik, gure euskal itsasontzia gainazalean manten dadin.

Hizkuntzaren aldetik ere badaude ikuspuntu ezberdinik. 1908an,Isaak Lopez-Mendizabal tolosarrak "zeinen" familiako erlatibozko perpausaren aurka hitz egin zuen, onartezina iruditu baitzitzaion. Baina iparraldeko idazleek, Sarako eskolakoak, ia hirurehun urte zeramatzaten erlatibozko perpaus mota hori erabiltzen. Ezina ekinez egina. Idazleak itsaso aldakor eta askotan nahasi hauetan nabigatu behar du.

Itzultzaileen ekarpena nabarmena da literaturaren munduan. Lan klasiko asko euskaraz itzuli gabe daude oraindik. Itzultzaile bikain asko ditugu. Duela gutxi, Matias Mujikak, hexametro daktilikoaren olatuan nabigatuz, Odisea bertsotan itzuli du. Idazleak eta itzultzaileak elkarrekin lan egiten dute gure hizkuntza zabaltzeko.

Azkenean, helburu bat aipatu nahi nuke. Tirso de Molina idazle espainiarrak idatzi zuen :’Euskalduna, hitzetan laburra baina ekintzetan luzea’. Ea holako joera aldatzen dugun nonbait eta bietan luze bihurtzen garen.

Horrela,  Axularrek irakurle bertutezkoari esan ziona euskarari aplikatuz: ’mundu hunetako itsaso hunen tormenta guztiak iraganik,azken finean salbamenduko portura salborik heldukoa zarela’’.

 

(1) Sara liburu azokarako nire  ‘Harrapatzen bazaitu, harrapatzen bazaitu’(Zortziko argitaletxea) liburuaren aurkezpenerako neukan prestatuta.  Nire neke-lagun Asier Ansoleaga bere lan berriarekin(‘Behintzat betirako gogoratuko dut Gasteizen’-Zortziko argitaletxea) eta ni han geunden.Eta gure aurrean eskuinerago zegoen Euskal Literaturaren Olinpoko Hera jainkosa:Itxaro Borda.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina