2026(e)ko ekainaren 21(a), igandea

 


Arkimedes biluzik eta erregearen jantzi berria

Bi pertsona ari ziren hiritik zehar osteratxoa egiten.Lehendabizikoa lasterka eta garrasika zihoan, ‘aurkitu dut‘ esanez, eta, bestea, ponpa osoz, mantso desfilatzen ari zen, bere herriari inoiz ikusi ez duen jantzi berria erakutsi nahian .

Lehendabizikoa benetakoa zen. Brontze Aroko zibilizazioaren kolapso handia gertatu zen lekutik hurbilean, mediterraneoko irla handienean,Sizilian , izan zen.Hirian zehar zihoan ikotika, saltoka, Arkimedes, Siziliako hiririk handienean, Sirakusan.

Irla horretan , ehun eta hirurogeita bederatzi bat urte lehenago,ibilia ziren Atenastar eta Espartarrak borrokatzen.Han Altzibiadesek Atenasko lerroetatik ihes egin zuen.Korrupzio akusazioari aurre egiteko Atenasko bidea hartu beharrean, Espartara joan zen. Altzibiadesen agindupean irabazten ari ziren guda. Baina, handik aurrera, Atenastarrek galdu zuten irla eta guda. Altzibiades hori Platonen ‘Sinposioa‘ solasaldian betikotua izan zen Socratesen lagun mina bezala. Solasaldi horretan Mantineako Diotima emaztekiaren,‘jakintsua honetan eta beste hainbat gauzatan' ( ταῦτά τε σοφὴ ἦν καὶ ἄλλα πολλά) , amodioari buruzko hizketaldi bat, berari esandakoa,  errepikatu zuen Sokratesek. Sinposioa otordu osteko ekitaldi bat izaten zen, non gonbidatuek ase egin arte edaten zuten.Edan eta edozein aukeratutako hizketagairi buruz hitz egitea zen sinposio baten zeregina. Batzuek hizketagai bat proposatzen zuten bitartean, beste‘ batzuk  ura eta ardoa nahasten krateretan‘ari ziren ,Odisean aipatzen den bezala(οἱ μὲν οἶνον ἔμισγον ἐνὶ κρητῆρσι καὶ ὕδωρ).

Irla horretarako hiririk handienera, Sirakusara,Altzibiades baino gazteagoa zen beste Sokratesen dizipulua ere hiru aldiz joana zen. Platonek Dionisio I.a, edo haren ondorengoa, Dionisio II.a bere herrialdean Errepublikaren eredu ideal bat ezar dadin konbentzitzeko hiru saiakera egin zituen.Nahiz eta lehendabizikoan  esklabu bezala salduta bukatu zen, antzinako iturrien arabera.

Baina orduan, Platonen azken bidaiatik ehun eta hamabost urte inguru igaro ondoren, korrika zihoan Arkimedes.Pozik zegoen bere printzipioaren aurkikuntza egiteagatik,baina jantziaz guztiz ahazturik, zeharo liluratuta baitzegoen aurkikuntzarekin.

Baina biluzik zegoen gizon hori ongi  jantzia zen. Neurketa-sistemak erabili zituen gertaerak neurtzen, naturaren portaera aztertzen, kausa-ondorio kateak eraikitzen  , eta, era  horretan sistema zientifiko osoa eratu zutenekoaren taldekoa zen.

Erromatarrek Sirakusa setiatu zutenean, hiriaren agintariak Arkimesengana joan ziren eskaera batekin: hiria  defendatzeko tramankuluak asma behar zituen. Garai larrietan, zientziara jo behar izaten zuten; ez zen txantxetarako garaia.Hiriko jaietan zirela probestuz sartu zen erromatar talde bat hiriko kanpo aldean, eta,  nor zen ezagutu gabe, Arkimedes hil egin zuten. Baina Arkimedesen tramankuluen eraginez, zortzi hilabete gehiago behar izan zituzten erromatarrek barruko hiria menperatzeko.

Arkimedes zeren taldekoa zen jakiteko bost mende geroago beste pertsonaia bat aipatu behar da.Sexto Empiriko greziar filosofo eta medikuaren arabera  gizakia horrelakoa zen:berez egia maite duen animalia’ (τὸ φύσει φιλάληθες ζῶον εἶναι).

Bigarren pertsona,erregea, beste era batekoa zen. Hans Christian Andersenen kontuak beste egoera ezberdina islatzen zuen. Gezurra zen hemen istorioaren eragilea.Bi tranpatik erregeari proposamen bat egiten zioten: imajina zitekeen ehunik delikatuenaz eta leunenaz egindako jantzi bat egingo ziotelako promesa egin zioten.Bakarrik ergelek eta bere posturako gai ez zirenek ez zuten ikusi ahalko.Orduan, egoera faltsu horretatik ehuntzen zen historia. Inor ez zen esatera ausartu handik biluztasuna baino ez zutela ikusten, arropa arrastorik ere ez. Bestela, tontotzat edo ezgaitzat hartuta izango zirela egia esaten bazuten. Bi iruzurgile josteko keinuak egiten ari ziren geldi ezinean, eta erregeak, entsegu garaian, bere gorputz miserablea bakarrik ikusten zuela ispiluen aurrean ez zen ausartu ere esatera. Bitartean,  jantziari buruz asmatzen zituzten goraipamen guztiak bi tranpati horiek esaten ari zitzaizkion erregeari. Azkenean,erregeak, bere burua jakintsuaren jakintsuenea hartzen zuelarik,jende aurrean ezkutatu behar zituen zintzilikario guztiak herri osoari erakutsi zizkion kalean zehar.Gezur kolektiboaren gaixotasuna jota zegoen holako gizartea.

Freudek faszismo garaian izendatu zuen indar kontrakoak, bizitzarako eta heriotzarako indarrak (Eros eta Thanatos) , gezurra eta egiaren kontraposizioan bihur daitezke. Egia ,Arkimedes pertsonaian gozpuztua, biziraupenarako egina dago.Neurtzen da,naturaren portaera arakatzen da,kausa-ondorio kateak aztertzen dira, paradigma zientifiko bat osatu arte, gizartearen biziraupenerako asmoz.Gezurrez eta losintxaz betetako gizarte batek kontrako bidera,desagertzera, darama.

Pertsona batek garrasika esanez ‘txakurrak jaten ari dira, katuak jaten ari dira’ eta gezur hori bere hauteskundetarako leloa bihurturik errege biluziaren taldekoa dela ematen du.Gero gezurren  kate luzea izaten eta  talde boteretsua gezurra horiek zuritzen bere gobernatzeko estiloaren ezaugarriak dira, errege biluziaren gortea zuritzaileez beterik zegoen moduan. Are okerrago, sostengua ematen duen beste herrialde bakarrak berezitasun hau du bere pentsamenduan txertatuta: lurraren titulua Jainkoak eman ziola, eta horrekin, antza denez, lurra bereganatzeko edozein gehiegikeria justifikatuta dago. Horrela, Biblia liburu  sakratua izatetik jabetza-eskritura notarial hutsa izatera merkatzen dute.

Hauteskundeetan botoa eman aurretik, denek galdetu beharko diezaiokete beren buruari zertarako bozkatzen dudan: gizartearen biziraupenaren alde ala desagerpenaren alde? Zientziarako edo gizarte galmenerako, errege zoro baten atzetik?

Eta orain desagerpen honekin bakarrik  gizarte mota aldaketaz ari garela ez du ematen, baizik eta gure osotasuna desagertzeko aukerari buruz ere.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina